Noiz ezagutu zenuen dantza bertikala?
Duela lau bat urte, Ondarroako lagun batzuen eskutik. Mugarrako marmolean hasi nintzen. Sekula zintzilikatu gabe nengoen, eta gorputzaren sentsazioak ezagutzeko aukera izan nuen. Hala ere, urtebete da dantza bertikala praktikatzen dudala. Gloria Peonegaz eskolak hartzen hasi nintzen Bilbon. Durangoko Oihana Quesadagaz joaten naiz. Aurretik oihalekin ere jardun dugu.
Teknika berezirik behar da?
Gogoa behar da. Ikuspegia aldatzean datza: zorua da gure oinarria, horretara gaude ohituta. Dantza bertikalean, berriz, horma da oinarria.
Zein sentsazio sortzen du?
Hegan egitea lez da. Hegan egitea eta jolastea da niretzat dantza bertikala egitea. Grabitatea apurtzen dugu.
Arnesak erabiltzen dituzue?
Bai. Horma bertikal bat —altuerak berdin du—, goian lotura bati helduta doan soka eta arnesa behar ditugu. Bertan eskegita, mugitzeko, salto eta hegan egiteko aukera dugu. Girgilua eta ‘rig’ bat ere behar ditugu. Blokeatzeko tresna bat da hori. Segurtasunerako da, bestela ez dago sokan eusterik.
Ez duzu bertigorik izango.
Ez (barrez). Egia da ez garela altuera handian entrenatzen, lau bat metrora. Behetik hasita, gure kontura apur bat igo, eta hortik hastera gaude ohituta. Bestelakoa da eraikin batean edo kanpandorre batean jardutea. Goitik irten behar da eta sentsazioak desberdinak dira; altuera handiagoa da. Dena den, probatzea da kontua. Denbora bat eskegita egon eta egokitzea, horren arabera altuera batean edo bestean, pendulu —sokaren luzerak zehaztutakoa— bategaz edo besteagaz, norberaren gorputza nola mugitzen den ikustea.
Aldea dago?
Ez da berdina bost metroko soka izatea edo 10ekoa, eraikinak 20 izan arren. Ematen duen jokoa desberdina da. Hormaren zabalerak ere eragiten du. Zenbat eta luzeagoa soka eta zabalagoa horma, orduan eta aukera gehiago daude. Hormara heldu artean, denbora gehiago duzu akrobaziak egiteko, adibidez. Gu 14-15 metroko penduluagaz aritzen gara.
Kanpandorreak edo eraikinak aipatu dituzu. Egin duzu inoiz dantza halakoetan?
Bai. Korrika 20 hasi zenean Otxandion, bertoko kanpandorretik irten nintzen. Itzelezko oparia izan zen hura. Lehenegoz egiten nuen dantza kanpandorre baten. Estali gabeko frontoiren batean eta eskalatzeko hormetan ere ibili naiz.
Kirol jarduera lez ulertzen duzu dantza bertikala?
Bai. Dantza garaikideagaz lotzen dute batzuek kirol hau, klasikoagaz besteek; akrobaziak edo euskal dantzak ere egiten dituzte. Badut lagun bat Aurreskua dantzatzen duena horman. Hala ere, beharrezkoa da oinarrizko ezagutza bat dantzan hasteko edo koreografiak lantzeko.
Arazoak dituzu jarduteko?
Bai. Zirku eskolako beste jarduerekin gertatzen den lez, aukera gutxi daude praktikatzeko. Hiriburuetan dauden bizpahiru eskolek ematen dute horretarako aukera, ikastaroen bitartez, eta gutxi gehiago. Bilbon Errekaldeko frontoiaren atzeko horma erabiltzen dugu guk, baina Durangaldean ez dago aukerarik, Mugarrako marmolean ez bada. Ez da erraza, hara joan, dena muntatu, desmuntatu... eta eguraldia! Bilbokoa lako espazio bat litzateke onena. Frontoiak badaude, eta aukera ematea gura genuke. Hartara, gehiago animatuko lirateke. Baina, beste kiroletan eskatzen ez diren baldintzak eskatzen dizkigute zirku jardueretarako.
Zein ekarpen egiten dizu?
Zoriontasuna. Guztiz betetzen nau. Jendea ezagutzeko, bidaiatzeko edo gorputz adierazpena lantzeko aukera eman dit.