Ekimenaren bultzatzaileek esan dutenez, oraindik hainbat itsulapikotako ekarpenak zenbatzea falta zaien arren, 4.700 euro zenbatu dituzte dagoeneko. Ekain Lopez antolatzaileak azaldu duenez, “dena zenbatuta, 5.000 eurotara ailegatzea aurreikusten dugu”. Sei orduko spinning maratoian parte hartu zuten 260 kirolarien izen-ematetik, paella eta kamiseten salmentatik eta zozketa batetik batutakoa da diru hori.
Lopezen berbetan, eguraldiak lagundu ez arren, lehenengo edizioari “itzelezko erantzuna eman dio jendeak, eta asmoa da datorren urtean ere ekimen solidarioa antolatzea”.