Zazpi urteko isiltasuna hautsiko du Muted seikoteak, barikuan

Itsaso Esteban 2017ko mai. 31a, 15:50

Duela zazpi urte taldea utzi zuten sei musikariak dira Muted taldea berriro martxan ipini dutenak.

Duela zazpi urte utzi zuten Muted taldea, taldekideen momentu hartako bizimoduak ez zielako ahalbidetzen taldeari eskaintzeko denborarik ateratzea.

Zazpi urte geroago, taldearen falta sumatu dute, eta berrartu egingo dute Muted. Utzi zutenean taldea osatzen zuen seikote berberak berrartu zuen Muted, abendu hasieran. Edu Perez eta Dani Benito gitarristek, Alberto Hernandez baxu-jotzaileak, Aitzol Maiztegi abeslariak, Rubén Montoto bateria-jotzaileak eta Christophe Tytgat programatzaileak osatzen dute taldea.

Edu Perez taldekideak azaldu duenez, “bederatzi urtez egin genuenaren falta igarri dugu, eta aukera ikusi dugu proiektua berrartzeko”. Aitortu du, 2010. urtean taldea utzi zutenean ez zutela pentsatzen bueltatuko zirenik. “Pentsa”, dio Perezek, “taldearen materialik gehiena utzi edo saldu egin genuen”.  

Zazpi urteko geldialdiaren osteko lehenengo kontzertua Durangoko Plateruenean eskainiko dute, ekainaren 2an. Zazpi urteren ostean kantak berriro prestatzea espero zutena baino errazagoa egin zaiela nabarmendu du Perezek. Taldearen ibilbideko kantak, eta bertsio eta sorpresaren bat ere eskainiko dute Durangon.

Taldekideetako batek sare sozialetan ipini zuen aspaldiko argazki batek ekarri du Muted berriro elkartzea. Perez taldekideak kontatu duenez, “abendu hasieran argazkia ipini zuenean bueltatzea gustatuko litzaidakeela idatzi nion; gauza batek bestea ekarri zuen, eta harremana berrartu eta seikotea berriro martxan jarri genuen”.

Edu Perez taldekideak azaldu duenez, uda ostean gura dute Muted talde abadiñarreko kideek disko berrirako konposizioak lantzen hasi. “Orain, Durangoko kontzertua buru-belarri prestatzen gabiltza, eta barikuko emanaldi horren ostean ekingo diegu epe luzerako ditugun helburuei”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!