Eraiki zutenetik, errepideak zaratari dagokion legea betetzen duela nabarmendu du, edonola ere, Aldundiak. “Orain arte egindako neurketetan inguru horretako zaratek ez dute legez ezarritako muga gainditu”, diote Ekonomi eta lurralde garapena sustatzeko Aldundiaren saileko arduradunek. “Baina egoera are gehiago hobetzeko eta inguru horretako kalitate akustikoa ahalik eta gehien hobetzeko” hartuko dituztela aipatutako neurri horiek esan dute.
Errepidetik gertu dauden eraikinak zaratatik babesteko neurriak errepidea eraiki zutenetik daude Gerediaga-Elorrio tartean, eta Aldundiak nabarmendu duenez, “baieztatu daiteke pantaila akustikoek ondo betetzen dutela beraien funtzioa”.
Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak baieztatu du Gazteluko bizilagun batek beraien kexa jasotzen zuen idatzi bat aurkeztu zuela udalean duela hilabete batzuk, eta errepidearen jabea Aldundia izanik, erakunde horretara bideratu zutela.