Elena Gabriele: “Euskal Herriaren eredu kultural eta sozialak jakingura sortu dit beti”

Aitziber Basauri 2017ko mai. 28a, 10:30

Sardiniak eta Euskal Herriak badute antzekotasunik. Halaxe dio azken bost urteetan Abadiñon bizi den Elena Gabriele sardiniarrak. Hala ere, familiaren eta lagunen falta sumatzen du, eta baita Sardiniako “mediterraneo usainarena” ere. Urtean  birritan joaten saiatzen da.

Zerk ekarri zaitu Durangaldera?
Euskal Herriarekiko kidetasun handia dago Sardinian eta beti izan ditut jakingura eta gogoa etortzeko. Bikotekidea ezagutu nuen gero, Kordobakoa bera, eta, biok etorri ginen. Aurretik, urte eta erdi egin genuen Costa Bravan.

Ezeren falta sumatzen duzu?
Lehenik eta behin, familiarena. Baita Sardiniako lagunena ere. Klimarena, hango usainarena... Hara noanean halako usain berezia nabaritzen dut, mediterraneo usaina. Itsasoa, hango hondartzak. Beti dut itzuli behar hori. Ahal badut urtean birritan joaten naiz.

Sardinia eta Euskal Herria. Antzekotasunik ikusten diezu?
Bai, eta hemen bizi naizenetik izaeran ere nabaritu dut. Sardinia irla bat da, eta irlak leku bakartuak dira. Jendea itxia izateko joera dago, hasieran behintzat. Kanpotik datorrenarentzat apur bat gogorra da hori. Hori bai, behin ezagututa atea zabaltzen dizute, bizi osorako. Euskal Herriaren eredu kultural eta sozialak jakingura sortu dit beti. Ohiturak, hizkuntza... mantendu eta zaindu dituzue. Guk ez dugu zorte hori izan. Garatutako hizkuntz eta kultur politikek ez dute hori bermatu.

Orduan, berdintsuak gara?
Harreman sozialetan, zenbait gauzatan, bai. Orain, badaukadala lekua esan dezaket, hemen egon gura dudala. Baina hasieran gogorra izan zen. Batukadari eta boleibolari esker, taldeetan sartzen eta lagunak egiten hasi nintzen.

Batukadan ari zara?
Bai, Durangoko Batukada Feministan. Bost urte daramatzat. Asko lagundu dit harremanak egiteko.

Boleibolean jokatzen duzu.
Bai, beti jokatu dut, eta saiatu arren hemen ez nuen talderik topatzen. Baina orain urte bi jakin nuen bazela bat Ibaizabal ikastolan, eta haiekin hasi nintzen. Oso pozik.

Euskal Herrian zer egin zaizu deigarriena?
Heldu nintzenean, zein berdea den inguru hau. Sardinia askoz lehorragoa da. Txikitatik mendirako duzuen zaletasunak ere harritu ninduen, eta jaietan adin guztietarako  ekintzak egoteak ere bai, Bilboko Aste Nagusian, adibidez. Asko zaintzen da hori, eta oso garrantzitsua deritzot; asko gustatu zait. Oro har, gauza askok eman didate atentzioa. Egun euritsu eta ilun batean heldu nintzen (barrez), baina biharamunean garbi-barbi ikusten zen inguru dena. Zoragarria.

Euskara ikasterik izan duzu?
Horretan nabil. Hizkuntza eskolan nabil, baina zaila egiten zait lanagaz bateratzea. Dena den, gogo handia dut ikasteko. Zorionez, euskaldun asko ditut inguruan, eta eskoletara joaterik ez badut, haiekin ikasten saiatzen naiz. Ez dut oraindik hitz egiten, baina badut aukera entzuteko eta belarria fintzeko.

Zaila da euskara?
Bai. Latinetik ez etortzera eta egitura propioa izatera, apur bat aldrebesa egiten zait (barrez). Maila fonetikoan ez da hain zaila; italieraz eta sardinieraz baditugu antzeko hitz batzuk. Baina esaldiak egituratzeko-eta, zaila da.

Italierarekiko ikusminik badugu hemen?
Gutxi. Ezagutu ditut pasioagatik ikasten dutenak, opera gogoko dutelako edo Italiara oporretan doazelako sakondu gura dutenak. Baina gehienek Erasmusegaz ikastera doazelako edo lanean behar dutelako ikasten dute. Aldea dago ingelesagaz, frantsesagaz edo alemanagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!