Eskaria egiten dutenei euren baserri inguruan farola berriak ipintzeko laguntza emango die udalak. Farolak ipintzeko gastua, kontsumo txikiko farola horiek urtean duten 45 euroko kostua eta horiek mantentzea lekarkeena bere gain hartuko du Udalak.
Iñaki Rekalde da Abadiñoko Udaleko Landa Garapen, Merkataritza eta Turismo arloko zinegotzia, eta, azaldu duenez, hamahiru eskari jaso dituzte dagoeneko. Gaztelua, Mendiola eta Urkiolako auzotarrenak izan dira apiriletik hona udalak jaso dituen eskariak, eta Landa Garapeneko zinegotziak adierazi duenez, gehiago ere espero dituzte datozen asteetan.
Iñaki Rekalderen berbetan, datorren astean hasiko da udaleko arkitekto teknikoa eskaria egin duten baserri guneetan farola berriak non ipiniko dituzten aztertzen.