Isabel Solana: “Gaixoaren lekuan jarrita egin dut beti lan, nik jaso gura nukeen tratua emanez”

Aitziber Basauri 2017ko mai. 8a, 10:15

Apirilean hartu du erretiroa 33 urtez Abadiñon praktikante aritu den Isabel Solanak. Aurretik 10 urte egin zituen Ean. Nostalgia sortzen zaio oraindik. Jendeagaz izan duen tratuaren eta lankideen falta sumatzen du gehien.

Erizaina ala praktikantea?
Osasun Laguntzaile Teknikoaren (OLT) titulua atera nuen, baina erizaintza diplomadunagatik baliozkotu nuen. Hala ere, praktikante lanpostua izan da nirea. Injekzioak jarri eta sendaketak egitera mugatzen zen herriko erizainaren figura zegoen lehen. Baina erizaintzak bilakaera izan du, eta orain pazientearen zaintza du ardura, arlo guztietan: injektagarriak, osasun hezkuntza...

Ez diezu xiringei beldurrik izango...
Ez (Barrez). Berez, injektagarri oso gutxi jartzen dira orain. Lehen katarrorako, anginetarako... jartzen ziren. Asko aldatu da.

Zer behar du erizain on batek?
Oso garrantzitsua da egiten duzuna gustatzea. Eta gaixoa maitasunez tratatzea, gustura sentiaraztea. Erizain edo medikuarengana osatzera joaten da gaixoa eta, askotan, onura gehiago egingo diote berba eta jokabide atseginek, ematen dizkiozun pilulek baino. Gaixoaren lekuan jarrita egin dut beti lan, nik neuk jaso gura nukeen tratua emanez.

Gauza bitxirik izan duzu?
Bai. Matienan izan zen lehenengoa: neska bat etorri zen, ezin ziolako umetxoari supositorioa jarri. Neuk jarri nion. Azkena? Emakume bat komunean artatu behar izan nuen. Nagusia zen eta proba bat egin behar nion. Orduantxe egin ezean ordu erdi  itxaron behar genuen.

Lan gogorra da?
Zaintzen duzunarengatik ezer egiterik ez izatea da gogorra. Ahalik eta ondoen egiten saiatzen zara, jakinda ere ez dela ondo joango. Baliteke betidanik ezagutzea, eta asko sentitzen duzu.

Urte asko dira. Maitasuna hartzen zaie pazientei?
Bai. Gero lagunak izan ditudan gaixoak izan ditut. Lagun baten ama 15 urtean artatu nuen. Ia familiakoak bihurtzen dira.

Asko aldatu da zure lana?
Bai. Etorri nintzenean, baserrietara edo zegokion tokietara joaten ginen injekzioa jartzeko edo sendaketa egiteko. Tentsioa ere hartzen genuen, medikuak aginduz gero. Orain, erizainak  gaixoarekiko iniziatiba hartzen du. Adibidez, diabetiko edo hipertentsiboen kasuan gaixotasunaren eboluzioa jarraitzen da. Zaintza aringarrietan medikuaren menpe gaude, baina autonomia gehiago du orain erizainak. Oso positiboa da.

Erizaintza asko aldatu dela esan duzu. Non igarri duzu?
Abadiño eta Atxondoko praktikante hasi nintzen. Apatan, Matienan eta Zelaietan nituen kontsultak. Irazola, Mendiola, Gazteluako... baserrietara ere joaten nintzen. Orain zazpi erizain daude Abadiñon. Lehen abisua Arrazolako baserri batean izan nuen; senarrak lagundu zidan. Medikuntzak bilakaera handia izan du, eta horrek aberastu egin nau pertsona eta profesional lez.

Gutxi baloratzen da erizaina?
Bai. Lankideen eta jendearen babesa izan dut beti. Baina anbulatorio edo erietxe batzuetan ikusi dut ez dituztela behar beste baloratzen; batez ere, instituzioek. Adibidez, soldatan edo botikak emateko. Legez, erizainak ezin du botikarik agindu. Baina sendaketan zer egin behar den agindu behar du. Baliteke medikuak ez jakitea.

Medikuaren etxean hasi zinen?
Bai. Botatzea akats handia izan zen. Eraikina behar bezala konpondu, eta han jarraitu behar zuen anbulatorioak. Orain, leku arazo handiak daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!