Jone Guenetxea: “Tokikook ahalegin handia egiten dugu irismena handitu eta errentagarri izateko”

Jokin Bereziartua (Puntua) 2017ko mai. 5a, 19:30

2008a ezkero ‘Anboto’ aldizkariko zuzendari denak gogotsu ekin dio tokiko komunikabideen bateraguneko ordezkari gorena izateko erronkari. Tokikomeko hedabide bakoitzaren nortasuna mantentzen jarraituz, batzea “ezinbestekoa” dela uste du: “Hedabideok batuta handi gara”. Testua: Jokin Bereziartua. Argazkiak: Xabier Urzelai eta Tokikom

Bi hilabete eskas daramatza Jone Guenetxeak (Abadiño, 1978) Tokikom toki komunikabideen bateraguneko presidente. Hainbat gairen gainean aritu da PUNTUArekin; betiere, etorkizuneko erronkak ardatz hartuta.

Ohitu zara kargu berrira?
Orain arte eroso sentiarazi naute Tokikomeko langileek zein gainerako bazkideek. Administrazio Kontseiluan jardun dut orain arte ere, eta, beraz, esku artean ditugun gaiak ezagunak egiten zaizkit. Baina erabakiak ez ditu nik bakarrik hartzen. Ezta nahi ere. Tokikom oso anitza da eta denon artean adostasunetara heltzeko borondatea izatea ezinbestekoa da.

Zelan daramazu Anboto-ko zuzendari eta Tokikomeko presidente izatea aldi berean?
Oraingoz, moldatzen gara egoera honetan. Presidente kargua hartzeko erabakia ez nuen nik bakarrik hartu. Anboto barruan gogoeta eginda pentsatu genuen Tokikomen eragiteak gure proiektuan eragitea esan gura zuela. Horregatik, lankideen babesa eta laguntza ere badut.

Presidente kargu bat izanda, norbaitek pentsa lezake aberastu egingo zarela. Hala da?
Elkartegintzan dabilen edonork badaki horrelako leku batean presidente izatea zer den. Tokikomen lez, Anboto-n zuzendari izan diren guztiak militanteak izan dira, eta ez dute ezer kobratu. Sinisten duzun proiektu baten alde lan egitea da kargua hartzeko motibazio nagusia, eta ez ekonomikoa.

Mikel Irizar, Urko Aristi... eta orain zu. Zertan igarriko dute Tokikomeko bazkideek? Eta zertan gainontzekoek?
Aurreko presidenteek lan itzela egin dute, eta horrek presio puntu bat ematen du. Tokikom martxan ipintzeko behar zen indarrarekin etorri zen Mikel Irizar, eta hasierako pausoak emateko erabakiak hartzen asmatu zuen. Urko Aristik ere ekarpen handia egin dio proiektuari. Ordezkaritzarako ahalmen handia du, eta Nafarroan eragiteko ahalegin handia egin du. Zertan igarriko den nire ekarpena? Bide onetik goazela uste dut, eta markatutako helburuei eustea ez da lan makala izango. Hala ere, kargua hartzeko beste arrazoietako bat Bizkaian eragiteko gogoa izan da. Hor ahalegin berezia egingo dut.

Erronken artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Erronka ugari ditugu, arlo askotan lantzeko. Arlo komertzialean, publizitate kanalari lotutako erronka nabarmenduko nuke. Tokikom kanala errealitatea da dagoeneko. Arlo digitalean urrats garrantzitsuak egin ziren 2016an; hori abiarazteko giltzarri Tokikom plataforma izan zen. Gaur egun, Tokikom kanala osatzen duten 23 agerkari digitaletako publizitatea klik bakarrarekin kudeatzen dugu. Gainera, publizitate horren kudeaketa eraginkorra izan dadin, formazioan ahalegin handia egin dugu. Kapilaritate handiko sare hiperlokala biltzen da Tokikom kanalean; euskarazko eduki digitalen erabiltzaile multzorik handiena da berau: hilean 600.000 bisitatik gora ditugu eta 1.500.000 orrialde erakutsita, 250.000 erabiltzaile. Zentzu horretan, aipatzekoa da Madrilgo eta Kataluniako merkatuetan ere saltzen hasi garela, enpresa handien publizitatea kudeatzen duten publizitate agentziak geroz eta gehiago kontzentratzen diren zonetan. Beraz, apustu garrantzitsua egin dugu eta egiten jarraitzeko asmoa dugu alor komertzialari dagokionez. Kanal digitalean egindakoak balio izan digu urrats bat gehiago egin eta paperaren kasuan ere publizitatearen kudeaketa sistema ekoizpen prozesuarekin bateratzera animatzeko. Era berean, paperean argitaratzen duten Tokikomeko 18 bazkidek edizio sistema profesional baten gainean lan egiteko hautua egin dugu. Honek lan egiteko moduan eragin handia izango du eta eraginkortasun handiagoa lortzea da gure asmoa. Kudeaketa arloan, berriz, Euskalitekin batera Kudeaketa Aurreratuaren programan sartu gara, kudeaketa eraginkorragoa izateko. Horretarako, enpresa arloan erabiltzen diren kudeaketako sistemak gurean txertatzen ari gara.

Tokikomek badu sinatua kolaborazio marko bat EITBrekin. Zertan da?
Aspalditik dihardugu EITBrekin elkarlanean. Euskadi Irratian eta ETB1en ere kolaborazioak egiten ditugu. Asmoa da hemendik aurrera elkarlana zabaltzea eta beste arlo batzuetan ere elkarrekin jardutea. Oraindik zehaztu barik dauden proiektuak dira, baina esango nuke alde bietatik jarrera eraikitzailea dugula eta etorkizunean elkarrekin hainbat egitasmo egin ahal izango ditugula.

Erakundeekin nolako harremana dauka Tokikomek? Nolako harremana dauka udalekin? Foru aldundiekin? Eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin?
Tokikomeko bazkide bakoitzak bere esparruko udal arduradunekin harremana du. Tokikometik, Aldundiekin eta Nafarroako gobernuarekin hartu-emana izaten dugu. Gipuzkoan eta Nafarroan, adibidez, oso harreman jarraitua daukagu, eta eredu hori Arabako eta Bizkaiko foru aldundietara zabaldu nahi dugu. Elkar ezagutu eta elkarrekin hitz egiteko kanal egonkorrak sortu gura ditugu.

Egon zarete EAJren eta PSE-EEren gobernuko Kultura sailburu berriarekin?
Jaurlaritzako sailburu, sailburuorde eta zuzendariekin maiatzean egongo gara. Badugu hitzordua, eta azalduko diegu guk egiten duguna estrategikoa dela euskararendako eta euskal kulturgintzarako. Ezagutzen gaituzte, noski, baina harremana estutu gura dugu. Erakundeak eta eragile sozialok eskutik ebatuta joan behar dugu, baina horretarako norabidea adostea da gure nahia.

Hekimen-eko parte da Tokikom. Zein da Tokikometik begiratuz gero Hekimenek duen erronka?
Etengabe eta ziztu bizian aldatzen ari den sektore bateko aktoreak gara euskarazko hedabideak, eta paradigma berriei egin behar diegu aurre, sarean. Sarean bi zentzutan: batetik, Interneteko sareak eta sare sozialek dakarten aukerak, gure txikitasunetik era inteligentean baliatuz eta masak eta bolumena eskatzen dituen merkatu horretan desberdintzea lortuz. Teknologien etengabeko lasterketan inbertsioak partekatu eta sinergiak aprobetxatzean begia jartzera eraman behar gaitu horrek. Bestetik, euskal komunitatea zabaltze eta indartze aldera sektorea artikulatzean dago erronka, euskal hedabideak euskararen hedapen eta normalizazioan burutzen duten lanaren bitartez Euskal Herriko esparru desberdinetan –nahiz geografikoetan zein sektorial-etan– euskara(z) bizi ahal izateko aukera egon dadin.

Tokiko hedabideek nola bizi ditu kazetaritzak bizi duen krisi bikoitza, hots, hedabideena eta ekonomikoa? Komunikabide orokorren aldean zerk bereizten gaitu arlo horretan?
Tokiko kazetaritza hazten ari da. Interneteko datuak gorantz doaz etengabe. Telebistak digitalizazioan gutxien sufritu dutenak dira ikus-entzule zifrei dagokienez. Berdin irratietan. Horrek erakusten digu gertuko informazioa badela bezeroek nahi duten edukia. Estimatzen dute eta jasotzen duten horren parte sentitzen dira. Utz ezazu banatu barik buzoi batean eta segituan duzu deia erredakzioan. Gure bezeroa fidela da, eta zorrotza. Gure edukia ere gero eta kalitatezkoagoa da, bezeroak merezi duelako. Horrekin egiten diogu aurre hedabideek berez duten krisiari. Krisi ekonomikoak gogor jo du bai tokikoan eta bai orokorretan. Hala ere, eskertu egin behar diegu tokiko komertzioei gertuko hedabideetan egiten duten apustua. Oraindik ere inbertsioa tokikoan egitea errentagarri eta eraginkor zaie. Kontsumoari dagokionez, kontsumitzaileek denbora errealean nahi dute edukia, eta, horretarako, gertutasuna gako bihurtu da. Klik batera dagoen edukiz josita dago Internet, eta, gainera, komunikatzeko eta elkarrizketak ahalbidetzeko tresna itzela da. Tokikook elkarrizketa eta gertutasun horren bitartez desberdintzea lortu dugu. Komunitatearen fideltasuna lortu dugula esan dezakegu. Hori da bai Hekimenek egindako Interneteko kontsumoaren inguruko azken azterketek eta baita nazioarteko zenbait ikerketek diotena.

Zer diote ikerketa horiek, zehazki?
Zenbait azterketak azaltzen dutenez, hedabideen munduan, informazio lokal eta hiperlokala gero eta esanguratsuagoa da irakurleentzat. Euskal komunitatearen kasuan ere tokikoak pisua hartzen ari dira; besteak beste, Hekimenek 2016ko urtearen amaieran kaleratutako azterketa baten arabera, euskarazko tokiko hedabideen Interneteko saioak hedabide orokorrena gainditu zuen –10 milioi saio– eta sare sozialen kasuan, Facebooken ere nabarmen gainetik dabil. Horren gakoetako bat izan daiteke tokikoek lortu duten sinesgarritasun eta fidelizazio maila. 2015ean Michael Porterrek beste zenbait ikerlarirekin komunikabideen sinesgarritasunaren inguruan egin zuen azterketa baten arabera, toki komunikabideen sinesgarritasuna sare sozialen eta hedabide orokorren gainetik zegoen euskarri guztietan –Internet, telebista, papera eta irratia–.

Teknologia berriak mehatxua ala aukera dira Tokikomen parte diren hedabideentzat? Zergatik?
Teknologia berrietan, Tokikomeko kideok elkar eragiteko gunea aurkitu dugu. 2017rako ezarritako erronketako asko teknologia berriekin eta Internetekin lotuta daude. Tokikomeko kanal digitalean 16 webgune ditugu. Motor beraren gainean dihardugu, nork bere berezitasunak dituen arren. Talde horretan dihardugunok batzorde teknologiko baten bidez berrikuntzak eta aurrera begirako ildoak elkarrekin zehazten ditugu. Inbertsioak elkarrekin egitea ere aurrerapauso handia da. Arlo honetan, Gurenews izeneko bilatzailea txertatzea izango da hurrengo erronka. Bestalde, proiektu zehatzak ere azpimarratuko nituzke; gurean.eus, esaterako. Konturatu ginen hedabide guztion artean hilean kirol arloko 1.500 albiste lantzen genituela. Pentsatu genuen geografikoki landutako albisteak tematikoki batzeko eta webgune batera ekartzeko aukera izan genezakeela. Horrela, duela pare bat hilabete, gurean.eus sortu genuen. Tokikomeko hedabideetako albisteak gaika webgune bakarrean batzen dituen webgunea da, eta oso harrera ona izaten ari da. Beste proiektuetako bat umeei bideratutako Plazan bazan aisialdirako tartea da. Umeak etorkizuneko irakurleak direla kontuan hartuta, Aiurri-ren eskutik paperean txikitxoei zuzendutako edukiak lantzen hasi gara. Eduki horrek plazanbazan.eus webgunearekin lotura du. Bertan, denbora-pasez gainera, beste eduki interaktibo batzuk aurki ditzakete. Webguneekin ikasi dugu estandar lehiakorra izatea ona dela, eta bakoitza edukietan indar eginez bereizi behar dela. Orain, hori berori paperera eramatera goaz eta teknologiak aukera garbiak eskaini dizkigu. Izan ere, hedabideok batuta handi gara.

Tokikom etengabeko aldaketaren gurdira igo dela esan daiteke?
Hedabideen jarduna asko aldatu da azken urteetan eta badirudi joera horrek ez duela etenik izango. Beraz, hedabideok moldatzeko gaitasuna nahitaez izan behar dugu. Talde ikuspegitik, indar txikiak batzeko beharra eztabaidaezina da. Argi dugu hedabide bakoitzak bere berezitasunak dituela eta horri eustea garrantzitsua dela. Hala ere, sasoi berrietara etengabe moldatzeko eta erronka handiei aurre egiteko batzea ezinbestekoa dugu. Une honetan, aurrera begiratzeko eta proiektu berriak martxan jartzeko ilusioa sumatzen dut taldean. Erronka digitalei aurre egiteko elkarrekin abiatu dugun bidea, adibidez, oso interesgarria da, eta emaitza onak ematen ari dela azpimarratuko nuke.

Errealitate ezberdinak bizi dituzten hainbat komunikabidek osatzen dute Tokikom. Ez dago arriskurik komunikabide bakoitzaren nortasuna galtzeko? Eta alderantziz, ez dago arriskurik Tokikom elkarte sinboliko moduan geratzeko?
Tokikomen argi dugu hedabide bakoitzak bere nortasuna duela, eta hori dela hedabide askoren arrakastaren arrazoietako bat. Hori esanda, inoiz baino segurtasun handiagoz esan dezakegu hedabideen mundu aldakor honetan elkarrekin joan ezean zailtasun izugarriak izango genituzkeela hainbat arlotan. Beraz, Tokikom sinbolikoa balitz, ez litzateke existituko. Tresna eraginkorra den heinean, proiektu honek zentzua izango du.

Irismenak eztabaida sortu du sektorean. Zein iritzi duzu hautsak harrotu dituen gai horren inguruan?
Esango nuke irismenak berak baino gehiago, Jaurlaritzaren diru laguntzen banaketak sortu duela eztabaida. Izan ere, irismena izatea edozein hedabidek bere buruari  jartzen dion helburua da. Geroago eta eraginkorragoak izan gura badugu, geroago eta irakurle gehiagorengana heltzea ezinbestekoa da. Tokikook ahalegin handia egiten dugu arlo horretan. Hori kontuan izatea logikoa da euskararen sustapenaren ikuspuntutik ere. Gertuko hedabideok euskaldunengana, ia euskaldunengana eta erdaldunengana ere heltzen garela esaten digute inkestek. Oso garrantzitsua da hori. Komunitate hori zainduta zifra onak lortzen dira. Ikusten ari gara, esaterako, gure Interneteko jardunarekin merkatuan konpetitzera heldu garela. Tokikomeko hedabideetan publizitatea jartzea errentagarria zaio bezero komertzialari eta errentagarritasuna ematen digu dugun irismenak. Irismena kontuan hartzen du, noski, publizitatea jartzen duenak, eta normala da hizkuntza politikek ere aintzat hartzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!