Salterain: “Kultura eta ohitura desberdinekin topo egiteak erakarri egiten du”

Aitziber Basauri 2017ko api. 23a, 11:00
Iker Salterain Alberdi (Abadiño, 1989)

Queretaron (Mexiko) harrapatu dugu Iker Salterain (Abadiño, 1989), bertan bizi diren lagun batzuen etxean. Azaroan irten zen Abadiñotik, Costa Ricara bidean, “amets bat egia bihurtzeko", eta ez daki Euskal Herrira noiz bueltatuko den. Bizikletan bidaiatzea "magikoa" dela dio, "libre sentitzen zara".

Zerk eroan zaitu abenturara?
Negua sartu orduko irten nintzen Abadiñotik, azaroan. Latinoamerikatik denbora luzez bidaiatu, han bizi, presa eta helmuga argi barik bidaiatu... beti gura izan dut amets hori egia bihurtu. Hango kultura, komunitateak, pertsonak, egoerak… ezagutu, ikusi eta esperientzia horregaz nire barrua aberastu. Norbera ezagutzeko aukera ona ere badela uste dut.

Costa Rican hasi zenuen abentura hau, lagun bategaz.
Gazteluko lagun on bategaz, Arkaitzegaz. Hark oporrak hartu zituen Costa Rica eta Panama bizikletan ezagutzeko, eta plan horretara batu nintzen. Sei aste egin ostean, etxera joan zen, eta ni Kubara.

Otto hurakana ere harrapatu zenuten, ezta?
Bai. Parke nazional asko itxi egin zituzten eta zenbait bidetan oztopo batzuk ere izan genituen. Gainera bost egunez euria gogor egin zen eta azkenerako gaixotu egin nintzen. Hala ere, pozik eta positibo hartu genuen dena, beste batzuk latzagoak pasa zituzten: hamar pertsona hil ziren eta etxe gabe geratu ziren hainbat. 

Fidel Castro hil eta gutxira iritsi zinen Kubara. Nola ikusi zenuen herrialdea?
Oso triste. Orokorrean, triste daude kubatarrak, umezurtz geratu direla diote. Kuba berezia da. 2014tik urtero joan naiz, Viñalesen proiektu soziokultural komunitario batean ari naiz-eta, baina ez da erraza lau lerrotan hango egoera azaltzea. Joatera animatzen zaituztet. Ezagutu beharreko lurralde ederra da. Hori bai, turismotik ihes egin eta zoazte herri txikiak ezagutzera. Benetako Kuba.

San Blas eguna Silvio Rodriguezen kontzertu batean ospatu zenuen. Herriminik bai?
Itzela izan zen! Beste amets bat egia bihurtu dut: Silvio ikustea, Kuban. Betidanik gustatu zain asko Silvio rodriguez. Iaz Donostian ikusteko aukera ere izan nuen, nire urtegunean (barrez). Bai, Abadiñoren falta sumatzen dut. Mendiak, etxekoak, lagunak… Baina denbora eta aukera mordoa egongo da.

Bizikleta duzu lagun bakarra?
Lagunik onena dela esan daiteke (barrez), baina ez da bakarra. Orain Elorrioko Ane eta bere bizikleta batu dira. Bizikletan bidaiatzea magikoa da, libre sentitzen zara, gura duzun tokira heldu zaitezke eta naturaz kontaktu zuzena izan. Laugarren bidaia dut bizikletan eta oso gustura nabil. Andaluziako kosta eta Galiziakoa ere ezagutu ditut bizikletan. Probatu, ez zarete damutuko!  

Abadiñar asko joan zarete hara. Zer du inguru horrek?
Bidaiatzeko fama behintzat badugu. Bidaiari batzuek esan didate abadiñarrak ezagutu dituztela; oso bitxia izan da. Berezia da lurralde hau, kultura eta ohitura desberdinekin topo egiteak erakarri egiten du; jakin-minak, besteengandik ikasteko gogoak ere bai. Oso gutxigaz bizi daitekeela ohartzen zara, solidario izatea zer den, natura… Gaztelaniaz egin ahal izatea ere abantaila itzela da.    

Esperientzia ona izaten ari da?
Etxean lez denetariko bizipenak izan ditut. Gehienak oso onak eta aberasgarriak. Baikorra naiz eta oso gustura nago, gauza txarrak alde batean utziz.

Zerk harritu zaitu gehien?
Herri bakoitza desberdina da, baina, oro har, oso zabalak dira, ezagutu barik laguntzeko prest daude. Bizitzeko patxada itzela dute, harrigarria. Naturagaz eta animaliekin zoratuta nabil. Baina ez da dena zoragarria, umeak edo nagusiak eskean ikusteak barrena astintzen dit.

Noiz bueltatuko zara?
Batek daki! (barrez) Mexikon hiru bat hilabetez ibiliko gara. Gero, hegoaldera joan gura dugu: Guatemala, Honduras, Nikaragua… Prisa eta helmuga argi gabe nabil bidaiatzen, beraz ezin neike esan noiz bueltauko naizen.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!