‘Hordago txikira’ dokumentala telebistan emango dute, domekan

Anboto 2017ko mar. 16a, 13:00

Gasteizen estreinatu zuten, atzo, Bittor Garaigordobil misiolari abadiñarrak eta bere kideek 1948. urtean Ekuadorren abiatu zuten lanari buruzko Hordago txikira dokumentala. Domeka honetan, 11:00etan, ETB2-n emango dute.

Lorea Perez de Albenizek eta Goiuri Aldekoa-Otalorak, Elizbarrutietako Misioak taldeko kideen enkarguz, burutu dute Hordago txikira. Garaigordobil abadiñarra gidari zutela zortzi misiolarik 1948an Ekuadorrera egin zuten bidaia eta han izandako esperientziak dira filmaren ardatza.

Dokumentalak kontatzen duenez, Los Rios eskualdean ezagutu zuten kultura indigenaren eta bertako biztanleen duintasunaren alde lan egin zuten misiolariek. Garaigordobilen “lan egiteko moduak erabateko aldaketa eragin zuen elizbarrutiaren jardunean”, dokumentalaren sinopsian azaltzen denez. Askapenaren Teologiaren defendatzailea zen Garaigordobil, eta gaur egun ere eredu horren aldekoa da.

Urkiolako Santutegiaren alboan Bizkaiko elizbarrutiak duen etxean bizi da azken urteotan Bittor Garaigordobil. Aurten 102 urte beteko ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!