Munduko Kopa zortzi onenen artean bukatu du Illart Zuazubiskarrek

Maialen Zuazubiskar 2017ko ots. 21a, 11:30
Argazkia: RFEC

Scratch-ean hirugarren eta tempo lasterketan bigarren egin ondoren zortzigarren bukatu zuen Caliko Munduko Kopa Illart Zuazubiskarrek.

Munduko txirrindulari onenen artean, dominen lehian ibili ondoren, zortzigarren postu batekin itzuli da Illart Zuazubiskar Kolonbiatik. Barikuan espainiako selekzioarekin taldekako jazarpenean hamabigarren postua lortu ondoren, zapatuan omniumean debutatu zuen abadiñarrak.

Abadiñarrak maila onean hasi zuen txapelketa. Omnium-a osatzen duten lau lasterketetatik lehenengoa, scratch-a, hirugarren postuan bukatu zuen, eta bigarren lasterketa, tempo,  bigarren. "Arratsaldeko saioa sailkapenean bigarren postuan hasi nuen arren, kanporaketa ez zitzaidan ondo atera. Beraz, azken proban, puntuaketan, gogor saiatu nintzen berriz ere podiumean sartzeko, baina ez nuen lortu", adierazi du Zuazubiskarrek. Hala ere, egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin oso pozik dagoela aitortu du abadiñarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!