Asier Aspuru eta David Alvarezen arteko buruz buruko desafioa bertan behera geratu da

Anboto 2017ko ots. 18a, 12:56

Partidu hori jokatuz gero, diru-laguntza kenduko diola jakinarazi dio Mexikoko pilota federazioak Alvarezi eta ez jokatzea erabaki du.

Gaur, 16:00etan, hasiko den jaialdian Bizkaiko kluben arteko txapelketari dagozkion hainbat partidu jokatuko dituzte Abadiñoko Tornosolo trinketean. Horien ostean Asier Aspuru abadiñarrak eta David Alvarez mexikarrak lagunarteko buruz buruko bat jokatu behar zuten. Tornosolo pilota klubak jaialdiari erremate berezi bat eman nahi zion GRAVNI txapelketa irabazi duen euskalduna eta munduko azpitxapeldun mexikarra nor baino nor gehiago jarrita. Baina azken partidu hori bertan behar geratu da. Partidu hori jokatzen badu diru-laguntza kenduko diola komunikatu dio Mexikoko Pilota Federazioak David Alvarezi eta, ondorioz, ez da kantxara irtengo. Federazioak WhatsApp baten bidez azaldu dionez, partidu hori ez da ez Mexikoko federazioak ez nazioarteko beste ezeinek baimendutakoa.

David Alvarez bere neskalagunagatik dago Euskal Herrian. Daniela Vargas Emakumeen Master Cup txapelketa jokatzen ari da eta, hiru bat astez, biak Euskal Herrira etorri dira. Behin hemen  egonda Alvarez bera partiduren bat jokatzeko gogoz zegoela adierazi dute Tornosolo klubeko kideek. Era berean, pilotari euskaldunentzat zein zaleentzat ere pizgarri bat izango zen munduko azpitxapelduna Tornosolon jokatzen ikustea. Baina azkenean ez da egoera hori emango.

Beraz, gaur Bizkaiko kluben arteko txapelketako partiduek osatuko dute jaialdi osoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!