Alustiza: “Gaur egun, DJ-aren irudia apur bat desitxuratuta dagoela uste dut”

Aitziber Basauri 2017ko ots. 18a, 10:30

Gauerdian hasiko du saioa 40 Minutu Rock elkartasun jaialdian DJ Alusek. Bost bat orduko saioa izango du aurretik, eta hasita dago hori prestatzen. Hiru urte dira musika mundu honetan murgildu zela. Hala ere, oraindik DJ izateko bidean dagoela azaldu du 26 urteko abadiñarrak.

Nola sartu zinen DJ mundu honetan?
Txikitatik entzun dut asko euskal musika. Hala ere, hiru bat urte izango dira honetan hasi nintzela. Azken urteetan neuk jarri izan dut musika sanprudentzioetako txosnagunean, eta Abadiñoko Elkartasun Asteburuan ere ipini nuen musika, kontzertuak amaitu eta gero. Jendeari gustatu izan zaio eta aurrera jarraitu dut.

40 Minutu Rock elkartasun jaialdian arituko zara gaur. Plaza inportantea da?
Bai! Ez nuen espero. Ilusio handiagaz hartu dut proposamena, presio apur bat ere sentitu arren. Urduritasun puntu hori sentitzen dut hasieran, baina jendea dantzan gustura ikusi ahala, lasaitu eta hobeto sentitzen naiz.

Erronka bat da zuretzat?
Bai. Urtero joan naiz jaialdira. Aurten, eszenatokiaren gainetik biziko dut. Jaialdia beste ikuspuntu batetik ezagutu eta bizitzeko aukera izango dut.

Gero eta gehiago zarete. Gora egin du DJ lanak?
Ni neu oraindik ez naiz DJ sentitzen. Musika jartzen dut, ordenagailua erabilita. DJ-ek musika nahasten dute, abestiekin jolasten dute, diskoak erabiliz.Gaur egun, DJ-aren irudia apur bat desitxuratuta dagoela uste dut. Asko zabaldu da hitz hori.

Zer behar du DJ batek jendea erakartzeko? Ezagutzen dugu atzetik dagoen prozesua?
Ez dakit esaten. Musika heldu egin behar zaio jendeari. Musika jartzen dugu, baina, horretarako, aurretik ordu asko erabili ditugu musika aukeratzen. Musika asko entzun behar da.

Zuk zeuk musika asko entzuten duzu?
Euskal musika, batez ere. Gaur egungoa eta orain urte batzuetakoa ere bai. Hala ere, musika entzuteko modua aldatu egin dela uste dut. Momentuko musika entzuten da gaur egun. Duela urte batzuk, momentu hartako musika ez ezik, aurretikoa ere entzuten zen. Diskoa osorik entzuten genuen lehen, eta lagunekin partekatu. Gaur egun, diskoa behin entzuten da osorik, eta hurrengoetan bizpahiru abesti baino ez. Abesti arrakastatsuenetara mugatzen dira gazteak askotan, eta litekeena da 2-3 urtera ez entzutea. Huntza taldearen Aldapa abestia, adibidez, orain dago modan, baina hemendik urte batzuetara ez da entzungo.

Musikari dagokionez, zeintzuk dituzu erreferente?
Etzakit gustatu zait niri beti. Horregaz hazi nintzen. Gozategi, Sorotan Bele, Alaitz eta Maider... sasoi hartakoak dira, eta oraindik ere entzuten dira. Berri Txarrak, Esne Beltza... ere entzun eta jartzen ditut.

DJ lez, baduzu erreferenterik?
Ez. Hor egon da beti DJ Bull. Euskal Herrian bera izan zen lehenengoa, eta hor jarraitzen du. Meritua du astero, ia egunero, horretan aritzea.

Hori duzu zuk helburu?
Ez! Gurago dut lagunekin egon. Urtean lauzpabost bider DJ lez musika jarri eta lasai ibili.

Ez duzu horretaz bizitzeko asmorik...
Euskal musikagaz ez dut uste horretarako aukerarik dagoenik ere. Mundu osoko musikara zabaldu behar da horretarako, eta nik ez dut musika hori ezagutzen. Gustatu ere ez zait gustatzen asko: adibidez, reggaetoia.

DJ-a musika zehatz bategaz lotzen dugu?
Bai. Musika elektronikoagaz, igual.

Hala ere, zabala da aukera?
Bai. Bakoitzak bere estiloa du: reggaetoia, trikia, euskal musika...

Pilotaria izandakoa ere bazara.
Bai. 20 urte egin ditut Abadiñoko pilota eskolan. Gaztetxoak entrenatzen ere ibili naiz bi urtean. Hala ere, ez dut denetara heltzeko astirik, eta utzita daukat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!