Etapa loriatsua amaituta, proiektu berri baten hasieran aurkitzen da Abadiño

Anboto 2017ko urt. 17a, 12:45

Abadiño Sokatira Taldea etapa berri batean hasieran aurkitzen da. Hamarkada bat baino gehiagoan goma gaineko talderik arrakastatsuena izan da eta zakukada bat domina irabazi ditu Euskal Herriko txapelketan zein mundukoan.

Baina etapa loriatsu hori ahalbidetu duten hainbat tiralarik taldea utzi edo aldi baterako atsedena hartu dute aurten. Beraz, goma gaineko txapelketa hasi berria denean, ez dago aurreko urteetako emaitzarik eskatzerik. Taldeari eustea, ahalik ondoen lehiatzea eta apurka-apurka etorkizunera begirako zimenduak lantzea da aurtengo helburua.

Fernando Zumakero, Alex Lasuen, Asier Arrieta, Asier Iturriagaetxebarria edo eta Gorka Larrañaga dira nork bere arrazoiengatik aurten taldea utzi dutenetako batzuk. Abadiño Sokatira Taldeko bizkarrezurreko parte izan dira urte askoan. Datorren urtean munduko txapelketa dagoenez baliteke baten bat bueltatzea, baina bitartean “txipa aldatu” beharko dutela azaldu du Edu Mendizabal entrenatzaileak. “Urte batzutan sufritzea egokituko zaigu. Aurten hamar tiralari bakarrik ditugu, oso justu gaude alde horretatik eta denboraldiari ahalik eta ondoen aurre egitea da helburua”, gehitu du. Dominen borrokan aritzea ez da helburu erreala, horretara ohituta dauden arren. “Joan zen asteburuan 680 kilora arteko finalean zazpigarren amaitu genuen eta oso pozik gaude egindako tiraldiekin, beraz imaginatu”.

Horrela, “pazientzia” da aurrera begirako jarrera. Gazte berriak batzea eta urtetik urtera zailtzen joatea gura dute, emaitzak lortzeko urte batzutako lana beharrezkoa dela jakinda.

Bitartean, zapatu honetan 640 kilora arteko txapelketa jokatuko dute Mungian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!