Oier Ariznabarretak irabazi du Bizkaiko Kros Txapelketa

Anboto 2017ko urt. 16a, 10:56

Durango Kirol Taldeko korrikalaria lehen postuan sailkatu da Abadiñon egindako krosean. Emakumeetan, Bilbao Atletismo taldean dabilen Iraia Garcia zornotzarra gailendu da. Durango Kirol Taldeko neskek bigarren postua lortu dute taldekako sailkapenean. Junior emakumeen kategorian Durangaldea Running-eko June Arbeok eta Araitz Villak lortu dituzte lehenengo bi postuak. Durangaldea Running, kategoria horretan, talde mailan garaile atera da.

Goi mailako mutilen kategorian, Ariznabarretarekin batera, podiuma Durangaldea Running-eko Txomin Marañon eta Durango Kirol taldeko Ibon San Miguelek osatu dute. Durangoko azken taldean korrika egiten duten Ekaitz Kortazarrek eta Xabier Tijerok bosgarren eta seigarren postuak lortu dituzte. Promesetan Durangaldea  Running-eko Eider Gorrotxategi bosgarren sailkatu da eta Marañonek urrezko domina eskegi du.

Goi mailako Emakumeetan, Iraia Garcia zornotzarrarekin batera Natalia Gomez, Durango Kirol Taldeko korrikalaria, podiumera igo da hirugarren postuan, eta Gurutze Frades iurretarra, laugarren sailkatu da. Durangoko taldean ari den Maria Zorrozak, berriz, zazpigarren postua lortu du.

Azkenik, gazteetan, mutilen kategorian, Deportivo Zornotzako Jokin Totorika hirugarren postuan heldu da helmugara.

Guztira Durangaldeko taldeek 12 domina lortu dituzte: Durangaldea Running taldeak 6, Durango Kirol Taldeak 5 eta, Deportivo Zornotzak bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!