Gontzal Sanchez: “Nire umetako oroitzapenen mapa sentimentalean dago kokatua saria jaso duen ipuina”

Anboto 2017ko urt. 15a, 10:00

Bilboko Udalak antolatzen duen Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren 2016ko edizioaren sariduna da Gontzal Sanchez (Abadiño, 1973). Heriotza maitasunez izenburuko lana saritu dio Arantza Urretabizkaia, Unai Elorriaga eta Ana Urkiza idazleek osaturiko epaimahaiak, eta 3.500 euroko saria jaso du abadiñarrak. Idazle horiek bere testua gustuko izanak poz handia eman dio Sanchezi, eta baita Gabriel Aresti lehiaketan aitzatespena jasotzeak ere.

Gontzal Sanchezek duela urte batzuk idatzitako ipuina da Heriotza maitasunez lanaren oinarria. Hasierako ideia berrartu eta osatu egin zuen lehiaketara aurkezteko. Izan ere, “horrela idazten da”, Sanchezen berbetan: “Idatzitakoagaz ez zara konforme geratzen, eta berrriro ekiten diozu”.  

Egiaz hilketa bat izan den heriotza bat da Heriotza maitasunez ipuinaren ardatza. Sanchezek azaldu duenez, “ume baten eta ehorzlearen arteko elkarrizketa batetik doa irakurlea jakiten zer den benetan gertatu dena: hildako gizonaren alaba herriko gazte bategaz hasi da, eta aitak ez du mutila begiko. Neskaren aitak badaki mutila etakidea dela, eta itxura batean bere salaketaren ondorioz atxilotu egiten dute gaztea… Txibatoa delakoan hil egiten dute neskaren aita”.

Egilearen berbetan, sakonean, heriotzaren inguruko gogoeta bat da ipuina. “Hil ostean hildakoaren izena zelan erabiltzen dugun da oinarrian dagoen hausnarketa: hildakoak bere iritzia edo bertsioa ematerik ez duenean zelan zabaltzen ditugun berari buruzko gezurrak eta egiak” azaldu du Sanchezek.

Oroitzapenen mapa
Duela urte batzuetako Abadiño izan zitekeen herri batean dago kokatua istorioa, Errenteriako lehiaketan saritu zioten Azken etxola hura ipuina bezala. “Benetako pertsonaiak dira batzuk, eta asmatutakoak beste hainbat: umetako nire oroitzapenen mapa sentimentalean dago kokatuta ipuina, baina beste edozein lekutan gerta zitezkeenak dira kontatzen ditudanak”.

Idaztea gaztetatik daukan “gaixotasuna” dela kontatu du Gontzal Sanchezek. Garai batean batez ere olerkiak idazten zituen arren, azken aldian gehiago dihardu ipuingintzan. Azaldu duenez, Bilbokoa bezalako literatur lehiaketak idazten segitzeko “akuilu” dira berarentzat: bere buruari helburu eta epe zehatzak markatzen laguntzen diote lehiaketek. “Kontakizun luzeago bat idazteko grina sentitzen” duela adierazi du.

Donostian bizi da Gontzal Sanchez, eta gaztelania irakasle egiten du lan. Gogora ekarri duenez, 15 urtegaz hasi zen Abadiñoko AEKn euskara ikasten, “irakasle onekin eta gogotsu” ekin zion, eta Euskal Filologian lizentziatu zen, gero.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!