1991. urtean abadiñar batzuek herrian xake talde bat sortu gura zutela adierazi zioten Bizkaiko federazioari eta honek, orduko irizpideei jarraituz, ideia hori albo batera uzteko gomendatu zien. Herri txikiegia ei ziren eta hazia ez omen zen erneko. Hobe zutela gaztetxoak ondoko herri handiago batera bideratu esan zieten. Baina bederatzi abadiñarrek beren asmoan setati jarraitu eta Abadiño Xake Taldea sortu zuten. Orain, 25 urte geroago, Durangaldeko erreferente dira, Euskal Ligako Ohorezko Mailan taldea duten bakarrak dira eta xake eskolan 50 bat gaztetxo dabiltza. “Momentu onean gaude. Gaitza da gaur egun gauden tokitik gora egitea”, dio Alberto Delgado taldeko presidenteak.
Bertatik bertara bizi eta ikusten zuten arazo bati irtenbidea emateko sortu zuten xake taldea. 1991.urtean xake eskolak hainbat urte zeramatzan martxan. Harrobi dotorea zegoen, baina iraungitze data zuen. Harrobitik federaturako saltoa ematerako ordua heltzen zenean gaztetxorik gehienek xakea uzten zuten. “Ez zuten Durangora joan gura. Hori hainbat belaunaldiri gertatu zitzaion. Horregatik sortu genuen taldea”, gogoratu du Delgadok. Xake talde bat zuen eskualdeko hirugarren herria bihurtu zen, Durango eta Zornotzagaz batera.
Harrezkero, talde berriak sortzen eta igoerak lortzen joan dira. Ibon Martinen gidaritzagaz eta Ieray Galtzagorri zein Alain Prieto xakelariekin, besteak beste, talde nagusiaren loraldia heldu zen eta Euskadiko mailarik gorenean kokatu ziren. “Kategoria denetan eta, bakarka zein taldeka, txapeldunak izan ditugu, gizonetan zein emakumeetan”, dio Delgadok. Maitane Varas da nesketan duten promesetako bat.
Leontxo Garciaren hitzaldia
Aurten lehia eta ospakizunak tartekatu dituzte. Horri guztiari Leontxo Garciaren hitzaldia gehiatu behar zaio. Xakean espezializatutako kazetari, hizlari eta telebista aurkezle iruindarra goren mailakoa da mundu horretan, eta joan zen asteburuan Errota kultur etxera egindako bisita taldearen historiarako geratu da. Zelaietan 400 gazte batu zituen txapelketa eta euren ibilbidean irabazitako garaikurrekin osatutako erakusketa dira urteurrenaren harira antolatukako beste ekintza batzuk.
Delgado: “Xakean jokatuz gozatzen duen afizionatu bat naiz”Abadiñoko Xake Taldearen ibilbidea ezin daiteke ulertu Alberto Delgado (Abadiño, 1969) barik. Bederatzi lagunen lanari esker, taldea sortu zenetik presidente jardun du. Hasierako urteak gaitzak izan ziren, baina gaur egun gozatzen ari da taldearen lorpenak ikusita. Hala ere, mende laurdena hor emanda, gustura hartuko luke erreleboa. Zer ote du xakeak mila eta bostehun urtean bizirik iraun ahal izateko? Zu umetan harrapatu zintuen xakeak? Xakean ikasitakoak balio izan dizu ohiko bizimoduan? Hamaika eztabaida eta hausnarketa eragin duen galdera: xakea kirola da? |