Iturrigorriren kontrako garaipenak hainbat harresi eraitsi zituen. Alde batetik, zortzigarren jardunaldian denboraldiko lehen garaipena lortu zuten. Bestetik, ordura arte gol bakarra sartuta zegoen Abadiño, eta lau egin zizkion Iturrigorriri, ordura arte gol bat bakarrik jasota zetorren liderrari. Joan zen asteburuan, aldiz, Gurutzeta azken sailkatua 0-1 menderatu, eta jaitsiera postuetatik irten ziren. Partiduko gol bakarra Sanchezek sartu zuen, eta Iturrigorriren kontra ere beste behin zulatu zuen aurkariaren atea.
Belaunaldi berria
Iaz liga ona burutu ostean, hainbat jokalari goragoko mailetako taldeetara joan dira. Klubak harrobira jo du hutsuneak osatzeko. Ondorioz, aurten oso talde gaztea dute. Ilusio eta gogo handia, baina esperientzia gutxi. Horregatik, taldeko beteranoei erantzukizuna bere gain hartzea egokitu zaie. Sanchezek berak, esaterako, aurrelari eman ditu bere ibilbideko urterik gehienak, baina aurten punta erdi lanetan dabil gehienetan: “Goian egonda jokoan parte hartzea gaitzagoa da, baloia gutxiago ukitzen dira. Beteranoagoak garenok jokoan gehiago eragin dezakegu, erdirago jokatuta. Oraingoz gauzak ondo egiten ari naizela uste dut, eta pozik nago”, dio Extremeñon hasi eta Galdakaotik igaro ostean orain zazpi bat urte Abadiñon finkatu zen jokalariak. Gartzen Telletxea entrenatzailearen lana ere azpimarratu du: “Momentu txarretan gugan sinestu du, eta indar handia transmititzen digu. Hori oso inportantea da guretzat”.
Zapatuan, 15:30ean, Otxarkoaga taldearen kontra jokatuko dute, Astolan. Azken aurreko sailkatuaren kontra bolada onari eusteko aukera ona dute: “Badakigu partidu gaitza izango dena, baina gure helburua irabaztea da. Momentu onean gaude, eta hiru puntuak ditugu buruan”.