EH Bildu: “Udal gobernuak lur publikoa oparitu du”

Anboto 2016ko aza. 9a, 10:42

Carbureibar ondoko hirigintza proiektuaren “kudeaketa kaxkarraren” ondorioz Udalak 374.088 euro galdu dituela kritikatuz, prentsa oharra zabaldu du EH Bilduk. “Hasiera batean 660.332 euroan saldu gura zuena 286.244tan saldu du” azkenean udalak, “lur publikoa oparituz”, EH Bilduk dioenez.

Azken udalbatzarrean Jose Luis Navarro alkateak “operazio bikain”-tzat jo zuenaren bestelako irakurketa egiten du koalizioak.

EH Bilduk azaldu duenez, Carbureibar ondoko hirigintza proiektu horretan enpresa pribatu batek hartu zuen etxebizitza libreak eraikitzeko proiektua, eta babes ofizialeko 20 etxebizitza eraikitzekoa udalak. Proiektu hori diseinatu zutenean, baina, etxebizitza pribatu zein publikoetako garajeak promotore pribatuak egitea adostu zuen gobernuak, eta lan horregatik 891.871 euroko zorra egin zuen udalak enpresa eraikitzaileagaz. EH Bilduren arabera, “Udalak ez dauka diru hori, eta bere asmoa babes ofizialeko etxeen eraikuntza eta garajeen zorra enpresa eraikitzaileren bati esleitzea zen, etxebizitzekin espekulatuz”.

Bigarren deialdian, etxebizitza libreak eta garajeak egiten ari den San Fausto enpresari egin diote esleipena. “Inmobiliaria zain egon da, bazekielako momenturen batean udala behartuta egongo zela lurraren prezioa jaistera”, dio EH Bilduk: “Ezin dezakegu onartu herriaren lurrak gobernu taldearen kudeaketa kaxkararen ondorioz horrela saldu izana”,

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!