Iazko aurrekontua luzatuta jardungo du, aurten, udalak

Anboto 2016ko api. 11a, 08:53

Urte honetarako udal aurrekontu proposamenik aurkeztu barik, alkatetza dekretu baten bitartez iazko aurrekontua luzatu dute Abadiñoko Udalean. Joan zen astean burutu zuten martxoko osoko bilkurako galdera eta eskarien atalean, EH Bilduk azalpenak eskatu zituelako mahaigaineratu zen gaia.

EH Bilduk kritikatu duenez, diru-sarrerak lortu eta aurrekontua orekatzeko modurik ez daukalako luzatu du gobernu taldeak aurrekontua. Mikel Urrutia koalizioaren bozeroalearen berbetan, “aurrekontua ezin duzu emaitza negatiboagaz aurkeztu, eta gastuen pareko diru-sarrerak lortu ezin dituztenez, nahiago dute proposamenik ez aurkeztu”. Urrutiaren berbetan, “oso baldintzatuta dago udala, aurrekontua ezingo duelako Abadiñoren aurtengo beharrizanetara egokitu”.

Osoko bilkuran Jose Luis Navarro alkateak azaldu zuen bezala, aurten ordaindu beharreko hainbat gastu dauzka udalak hitz emanda: Erralde hiltegiko 191.000 euroko kuota ordaintzeko dauka; Zelaietako eskola ondoko lursail bati loturiko 290.000 euroko zorra ere badauka, Traña-Matienan eraikitzen dabiltzan etxebizitzetako batzuen jabea denez, proiektu horretako gastu batzuen kargu egin beharra du; eta 465.000 euro bueltatu behar dizkio Udalkutxa erakundeari.

EH Bilduren ustez, udal gobernuaren politiken ondorioa da udalaren egoera ekonomikoa: “Etxebizitza edo lursailen salmenta eta lizentzietatik espero zuten diru-sarrerarik ez dago, eta argi dago eredu hori agortuta dagoela, baina beraiek joko horretan jarraitzen dute”.

Prebisio falta egozten dio EH Bilduk gobernu taldeari: “Udalak dauzkan zor guztietatik, Udalkutxarena bakarrik izan da aurreikusi ezinezkoa, gainontzeko guztiak aurreikusteko modukoak izan dira: zorrak gainera etorri zaizkie azken bi-hiru urteetan, eta orain, dirurik ez dagoela esaten dute”, kritikatu du Mikel Urrutiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!