Antzerki amateurra izango da protagonista II. Antzerkiño jaialdian

Itsaso Esteban 2016ko aza. 2a, 12:54

Gaur aurkeztu dute azaroko lau zapatutan izango diren lau antzerki emanaldik osatzen duten II. Antzerkiño jaialdiaren egitaraua. Azaroaren 5ean izango da lehenengo hitzordua: Contigo aprendí izenburuko antzezlana eskainiko du Zallako Antifaz taldeak.

Eneko Etxebarria kultura zinegotziak eta jaialdiaren antolakuntzan jardun den Rafa Herce Banarte antzerki taldeko kideak eman dituzte, gaur, Euskal Herriko antzerki talde ez profesionalen ikuskizunak dakartzan jaialdiaren inguruko azalpenak. Antzerkiño jaialdiaren bigarren edizioko egitaraua, "abadiñarrei ahalik eta eskaintza bariatuena egiteko helburuagaz" sorturikoa dela azpimarratu du Etxebarriak.

2011n egin zuten Antzerkiño jaialdiaren lehenengo edizioa, eta antzerki talde profesionalen emanaldiak programatu zituzten orduko hartan. Rafa Hercek azaldu duenez, baina, hemendik aurrera talde amateurrentzako oholtza izango da Abadiñoko jaialdi hori. Izan ere, Herceren berbetan, "herritarrek kudeaturiko talde horietan garatzen baita antzerkizaletasuna eta sortzen baitira antzerkigileak". 

Banartek Abadiñon bezala, Bizkaia eta Gipuzkoako beste herri batzuetan herritarren artean antzerkizaletasuna bultzatzen diharduten lau talde gonbidatu dituzte II. Antzerkiño jaialdian aritzera; Zallako Antifaz, Ortuellako Teatro Fierabrás, Altsasuko Tarima Beltza, eta Arrasateko Doke antzerki taldea. Komedia bat, irakurketa dramatizatu eta musikatu bat, tragikomedia satiriko bat, eta XX. mende erdialdean kokaturiko istorio bat eszenaratuko dute, hurrenez hurren. Errota kultur etxean izango dira lau emanaldiak, azaroko lau zapatutan, 20:00etan, eta bost eurokoa izango da sarrera.

Egitaraua

· Azaroaren 5ean, Antifaz antzerki taldearen Contigo aprendí.

· Azaroaren 12an, Teatro Fierabrás taldearen In vino veritas: tributo a Edgar Allan Poe.

· Azaroaren 19an, Tarima Beltza antzerki taldearen Falstaff no cree en la otra vida.

· Azaroaren 26an, Doke antzerki taldearen Aingeru ala kurroi?. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!