"Duten pazientziak harritu nau; zazpi orduan egon daitezke autobusaren zain!”

Aitziber Basauri 2016ko urr. 30a, 09:45
Larraitz Arkarazo (Erizaina).

Hego Amerika eta Erdialdeko Amerika ezagutuz 19 hilabete egin ditu Larraitz Arkarazok etxetik kanpo. Irailean etorri zen, eta han bizitako esperientzia ezagutzeko aukera egongo da Abadiñoko Gaztetxean, gaur. Eguneroko batean batu ditu bere gogoeta eta esperientziak.

Nolakoa izan da herrira bueltatzea? Gogorra izan da?
Beldurrez nentorren, baina, ez! Badakizu zer aurkituko duzun, baina, egokitzea kostatuko zaizula uste duzu. Ostera, aste bian inora joan ez banintz lez egon naiz. Horrek harritu egin nau. Buruak badu egoeretara moldatzeko halako gaitasun bat... Gainera, topera hasi naiz. Lanean ere hasi naiz.

Bizimodu aldaketa handia da.
Bai, oso desberdina! Gainera, han egunero izan dut bizimodu desberdina. Ez nekien non egingo nuen lo... Gehienez hiru aste egon naiz geldi toki batean. Hona heldu, eta lo non egingo dudan ardura hori ez izatea...

Nolako esperientzia izan da? Bueltatuko zara?
Oso ona! Errepikatzeko modukoa. Bueltatuko nintzateke, egindako lagun mordoa edo ikusi gabe geratu zaizkidan hainbat leku bisitatzeko. Baina, hain da handia mundua! Igual beste kontinente bategaz probatuko nuke (barrez).

Zerk eraman zaitu Amerikara?
Kuriositateak. Hego Amerikan egonda nengoen, baina, boluntario, proiektu laburretan, eta beti gehiago ezagutzeko gogoagaz geratu naiz. Ikasketak bukatzean, momentua zela ikusi nuen. Hala ere, bi lagun nituen han, eta horrek gauzak erraztu zizkidan. Bakarrik ez dut uste joango nintzenik. Hiru hile ibili ginen batera. Banatu ostean ere oso ondo ibili naiz bakarrik. Dena den, hainbat  lekutan batu gara. Kasualitate hutsez ere bai! Ogitartekoa jaten nengoela (barrez).

Askotan elkartu zarete?
Hego Amerikan zaila izan zen batzea. Argentinan ibili ginen batera. Gero, Brasil eta Venezuela aldera jo nuen nik, eta, lagunak Boliviara eta Perura. Kolonbian elkartu ginen berriro. Baina, Erdialdeko Amerika oso estua da, eta  ia gura barik ere elkartu gara.

Argazki emanaldia egingo duzu Abadiñon. Zer erakutsiko duzu?
Han ezagututako errealitatea transmititzen saiatuko naiz, argazki batzuekin bakarrik zaila den arren. Bizitako esperientzia kontatuko dut.

Durangaldeko hainbat lagun joan zarete. Zer du, ba, harek?
Gauza asko. Izateko eta bizitzeko modua... Beste mundu bat da, beste errealitate bat. Horrek erakarri egiten du. Baina ez dut topatu nire moduan ibili den euskaldunik. Era asko daude bidaiatzeko, eta guk oso aurrekontu baxua izan dugu. Autostopez mugitu naiz, eta ez naiz beste turista edo bidaiari askogaz asko erlazionatu. Inoiz hartu dut autobusa, eta ostatuan egin dut lo, Venezuelan eta Bolivian, merkea da-eta. Baina, aspergarriagoa egin zait. Couchsurfing-a erabili dut, eta tokiko jendearen etxeetan egon naiz.

Zerk harritu zaitu gehien?
Duten pazientziak harritu nau, autobusaren zain zazpi orduan zain egon daitezke! Bestalde, egunean bizi dira, biharkoan pentsatu gabe, eta oso irekiak dira. Ezagutu gabe ere beti daude laguntzeko prest, ezer behar duzun galdetzera datozkizu...

Zer ekarri duzu handik?
Ezagutza! Neure burua ezagutu dut gehien. Hori ekarri dut nigaz, eta betirako. Lagun piloa ere bai; hemen dago Guatemalako lagun bat.

Bidaia gomendagarria da?
Bai. Denok irten beharko genuke gure konfort egoera horretatik. Motxilan behar den guztia sartu eta, bakarrik, arrotza zaigun leku batera helduta ikasi . Hemen bizimodua errazegia egiten zait orain.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!