Egoitz Diaz: "Bigarren Erregionaleko liga irabazteko borrokan ibili beharko genukeela uste dut"

Anboto 2016ko ira. 26a, 09:19

Egoitz Diaz, Abadiñoko Txopoa areto-futbol taldeko entrenatzailea

Jokalari onak eta ilusio handia uztartzen ditu Abadiñoko Txopoa areto-futbol talde berriak. Halaxe uste du Egoitz Diaz (Abadiño, 1986) entrenatzaileak. 200 bazkide eta 15 babeslegaz ekonomikoki ere sendo daude. Horiek horrela, Bigarren Erregionaleko onenen artean ibili gura dute estreinako denboraldian.

 

Zein da talde berri honen istorioa? Nola sortu da?
Christian Gulin taldekideak  Elorrioko Buskantzan jokatzen zuen, eta talde berri bat sortzeko gogoa zeukan. Bera ere Matienakoa da. Izen-ematea amaitu baino egun bi lehenago, taldea sortzea lortu zuten berak eta beste lagun batzuek. Hamabi bat lagunek osatzen dute taldea. Denak Durangaldekoak dira. Elorrioko bat eta Durangoko bi kenduta, gainerakoak abadiñarrak dira.

Jokalariak nondik datoz?  
Futboletik eta areto-futboletik, bietatik datoz. Sasikoa areto-futbol taldetik etorritako batzuk daude, Abadiño futbol taldean aritutakoak ere bai… bien arteko nahasketa bat da.

 

Zuk zeuk ere bietatik edan duzu.
Bai. 18 urtera arte Abadiño futbol taldean aritu ostean, areto-futbolera pasatu nintzen. Bost urte eman nituen Mendibeltzen eta beste bost Abadiñoko Gaztetxie taldean. Orain bi urte utzi egin nuen, lesioengatik. Urte batean, orkatila bat txikitu nuen, eta hurrengoan bestea.

Zelan batu zinen taldera?  
Entrenatzen badut esperientzia. Orain 12 urte, Matienako Herri Eskolan 7 urteko umeak entrenatzen nituen. Gero, Abadiñoko kimuekin aritu nintzen, beste urte bitan. Abadiñoko Txopoa taldea osatu zutenean, Christianek deitu egin zidan ea taldera batuko nintzen galdetuz, eta onartu egin dut. Ilusioagaz nabil.

Zelako taldea aurkitu duzu?  
Egundoko taldea aurkitu dut. Ilusio handiagaz dabiltza. Gainera, jokalari onak dira. Talde polita da eta ea zorteagaz apurka-
apurka gora goazen.

Futboletik datozenen eta areto-futbolean darraitenen artean eztabaidarik pizten da? Kirol hau ulertzeko ikuspuntu desberdinak dituzte?
Ez da eztabaidarik egoten. Futboletik datozenak ikasteko gogoarekin daude, eta areto-futbolekoak irakasteko prest.

Zu ere futboletik areto-futbolera igaro zinen. Egokitzapen prozesua zaila da?
Hasieran bai. Oso desberdinak dira. Kanpoaren dimentsioak, zoru mota, jokalari kantitatea… aldaketa asko dira. Arlo fisikoan ere aldea dago. Areto-futbolean sarritan esprintak egin behar dira; futbolak, ordea, beste era bateko ahalegina eskatzen du.

Zer eskaini dezake taldeak bere estreinako urtean?
Bigarren Erregionalerako talde oso ona dago. Liga irabazteko borrokan egon beharko genukeela uste dut. Orain arte jokatutako lagunartekoetan denek berdina esaten digute: goian ibili behar dugula. Baina, tira, badakigu kirola zelakoa den, eta ligari hasiera txarra ematea nahikoa da animoa apaltzeko. Baina, gure helburua goian amaitzea da.

Beraz, ez zarete ondo pasatzeko bakarrik sortu?
Lagunartean ondo pasatzea gura dugu, zelan ez, baina talde ona daukazunean ondo aritu gura duzu, eta mailaz igo ahal bada, hobeto.

Non entrenatzen zarete? Eta non jokatuko duzue?
Matienako kiroldegian. Baina, arazo bat dugu udalagaz. Entrenatzeko orduak hartzera joan eta Emtesport-era bideratu gaituzte, enpresa horrek kudeatzen duelako kiroldegia. Birritan gertatu zaigu enpresakoek esandako orduan joan eta kickboxingekoek okupatuta egotea. Ondorioz, ezin entrenatu. Datorren martitzenean batzar bat dugu Emtesporten, Abadiñoko Gaztetxien, Kickboxing taldearen eta gure artean. Ea denon artean arazo honi irtenbidea ematen diogun.

Sasoi batean, zoruagaz ere arazoak zeuden. Konponduta daude?
Bai, ondo dago. Ez da Landako Kiroldegian dagoenaren modukoa, baina nahiko ondo dago.

Nondik lortu duzue dirua? Zer babesle duzue?
Zortea dugu. 200 bazkide lortu dituzte lagun eta senitartekoen artean. 15 bat taberna eta enpresaren babesletza ere bai. Nik sarritan esaten diet Abadiñoko Gaztetxien nenbilenean horrelakorik ez genuela ezagutu, diru aldetik justu ibiltzen ginela beti.

Ekonomikoki egonkor dago taldea.
Egonkor baino gehiago; ekonomikoki oso ondo dagoela esango nuke. Dena behar federazioak jarritako trabei aurre egiteko!

Zein traba?
Lehen, esaterako, delegatu baten fitxa euro bat zen. Hamar euroren truke hamar delegatu zenituen. Orain, 64 eurora igo dute delegatu bakoitzaren fitxa.

200 bazkide aipatu dituzu. Partiduak ikustera erdiak batzen badira…
Taldekoen lagunak partiduak ikustera etortzen dira, eta giro ederra egoten da. Eta hori liga oraindik hasi ez dela! Jendea ilusioagaz dago.  

Abadiñoko Gaztetxie da herriko beste taldea. Derbia polita litzateke, baina momentuz itxaron egin beharko du…
Bai, maila bi gorago dabiltza. Eurak jaitsi eta gu igo ezik datorren urtean be ezinezkoa izango da. Hobe litzateke hemendik urte bira talde biak Maila Gorenean elkartuko bagina!

Aurten eskualdeko hainbat talderen kontra jokatuko duzue. Nortzuekin daukazu hartuemanik estuena?
Joan zen astean Gu Lagunak-en kontra lagunarteko partidu bat jokatu genuen. Zapatuan eta datorren astean Racing Tolosto eta Mendibeltzen aurkako beste partidu bana dugu. Denok elkar ezagutzen dugu, eta batak besteari laguntzen saiatzen gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!