EH Bildu: "Atxarte zabortegi erraldoi bilakatzea izan zen Adif-en proposamena"

Anboto 2016ko ira. 15a, 15:00

Atxarteko harrobi izandakoen inguruan koalizioak izan duen jarrera kritikatu zuen Jose Luis Navarro alkateak, joan zen astean. Gaur, kritika horiei erantzun die, komunikabideetara bidali duen idatzi batean, koalizioak. EH Bilduren ustez, "urte guzti hauetan gobernuan egon diren EAJ eta Abadiñoko Independienteak" dira inguru horren egoeraren erantzuleak.

"Gezurra da Adif-en proiektuak beharrezko baimen guztiak zituela", dio EH Bilduk ohar horretan. Jose Luis Navarro alkateak "aukera historikotzat" jo duen proiektu hark URA agentziaren eta Urkiolako Patronatuaren baimenak falta zituela dio EH Bilduk.

Bestalde, EAJk Atxarteko harrobiaren inguruan agertu izan duen jarrera ere kritikatu du EH Bilduk: "Enpresa konkretu batzuen interesak lehenetsi zituzten, eta behin ustiapena amaituta, ingurua lehengoratzeko derrigortasunik ez zieten ezarri".

"20 urte baino gehiago igarota, Abadiñoko udalak ez du ezer egin, eta urte guzti hauetan gobernuan egon diren EAJ eta AI dira horren erantzule bakarrak", azpimarratu du Abadiñoko EH Bilduk.

Harrobietako hondakinek eragin ditzaketen kalte pertsonal zein naturalak ekiditeko neurriak hartzeko eskatu dio EH Bilduk gobernu taldeari, eta baita, ingurune hori berreskuratzeko proiektu bat diseinatu eta berau garatzeko plangintza bat adostea ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!