Navarro: “Atxarteko harrobia berreskuratuta ez badago, EH Bildu eta EAJ kontra agertu zirelako da”

Anboto 2016ko ira. 9a, 17:03

Atxarteko harrobiaren berreskurapenaren inguruan EAJk eta EH Bilduk izan duten jarrera kritikatuz, prentsa oharra bidali du Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak.

Arantza Tabia sailburuak eta Dani Maeztu EH Bilduko parlamentariak Atxarteko harrobiaren berreskurapenari buruz egindako adierazpenak kritikatu ditu Abadiñoko alkateak. Tapiak Abadiñoko udalaren “ekimen falta” aipatu izana kritikatu du Jose Luis Navarro alkateak, eta “Dani Maeztu EH Bilduko parlamentariaren demagogia” ere gaitzetsi du.  

Navarro alkateak ohar horretan azpimarratzen duenez, Atxarte eta Atxa-Txiki harrobiarren berreskurapenari lotuta Adif enpresak 2012an aurkeztu zuen proiektuaren kontra egin zutela EAJk eta EH Bilduk. “Atxarteko harrobia berreskuratuta ez badago, EH Bildu eta EAJ kontra agertu zirelako da”, dio Abadiñoko alkateak. Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzako lurrekin harrobi izendakoan betelana egitea proposatzen zuen Adif-ek.

Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, proposamen horrek aurrera egin izan balu, Adif-ek bere gain hartuko zuen 4,4 milioi euroko aurrekontua zeukan proiektu hura. Navarroren ustez, Atxarteko harrobi izandakoa berreskuratzeko, “udalarentzako ezelako gasturik ez zekarren aukera historikoa” izan zen jeltzaleek eta ezker abertzaleak onartu ez zuten hura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!