Abadiñon 20 dendatan erabili ahal dira erosketa bonuak

Anboto 2016ko ira. 5a, 11:00

Traña-Matiena, Zelaieta eta Muntsaratz auzoetako 20 komertziok parte hartuko dute udalak herriko merkataritza bultzatzeko helburuz martxan ipini duen kanpaina horretan. Irailaren 30era arte iraungo du kanpaina horrek.

500 erosketa bonu atera ditu udalak, eta udaletxean edo Traña-Matienako udal bulegoan eskatu ahalko dute abadiñarrek. Bono bakarra emango diote eskatzaile bakoitzari. Bonua 20 euro ordainduta eskuratu, eta kanpainagaz bat egin duten dendetan —kartel bat ipini dute kanpainagaz bat egin duten dendetan—, 30 euroko erosketa egin ahalko da.

Iñaki Rekalde zinegotziak azaldu duenez, kanpainagaz bat egin duten komertzioen artean, tabernak, ile-apaindegiak, eta liburu-denda eta farmazia bana dago. “Pozik gaude merkatariek kanpainari eman dioten erantzunagaz”, esan du Rekaldek, “orain, kontsumitzaileek kanpainari harrera ona egitea da espero duguna”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!