Erosketa bonuen kanpainagaz bat egin gura duten merkatariei deia

Anboto 2016ko uzt. 18a, 11:35

Abadiñoko Udalak antolatuta, irailaren 1etik 30era arte burutuko duten erosketa bonuen kanpainagaz bat egin gura duten merkatariek uztailaren 20ra arteko epea edukiko dute izena emateko. Udalaren webgunean dute merkatariek kanpainagaz bat egiteko burutu beharreko tramiteen inguruko informazio guztia.

Irailaren 1etik 30era arte burutuko duten kanpaina horren barruan, 20 euroan erositako bonua 30 euroko balioagaz erabili ahalko da kanpainagaz bat egiten duten herriko dendetan. Erosleek kanpainagaz bat egiten duten dendak identifikatu ahal izateko, denden erakusleihoetan kartelak ipiniko dituztela azaldu du udalak.

Irailaren 1etik aurrera, udaletxean edo Traña-Matienako udal bulegoan eskuratu ahalko dituzte abadiñarrek erosketa bonuak. 500 bonu aterako ditu Abadiñoko Udalak, eta herritar bakoitzak bonu bakarra eskuratu ahalko du. Hainbat produktu erosi arren, bonu bakoitza “erosialdi” bakarrerako baliatu ahalko dela ere aurreratu dute udaleko Landa Garapen, Merkataritza eta Turismo arloko arduradunek.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!