Hirigintzako Aholku Kontseiluak Muruetako lurren birkalifikazioari bidea zabaldu dio

Anboto 2016ko uzt. 15a, 17:52

Muruetan merkataritza-gunea eraikitzeko lursailaren birkalifikazioaren bozketan, alkatearen kalitatezko botoak Hirigintzako Aholku Kontseiluaren berdinketa hautsi zuen atzo. 

Abadiñoko Hirigintzako Aholku Kontseiluak babesa eman dio Muruetan merkataritza-gunea eraikitzeko beharrezkoa den arau subsidiarioen aldaketa puntualari. Horrela, Muruetako 31.973 metroko lur-arlo urbanizaezina erabilera komertzial eta tertziarioko hirilur bihurtzeko proposatu den Udal Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntuala plenoan eztabaidatzea izango da hurrengo pausoa. Birsailkapena atzo onartu zen. Udalak prentsa oharrean azaldu duenez, alkatearen kalitatezko botoak berdinketa hautsi zuen. "Lau batzordekidek alde bozkatu zuten, lauk aurka, eta boto baliogabe bat eta abstentzio bat egon ziren". 

Abadiñoko hainbat elkarteren ordezkariak biltzen dituen Aholku Batzorde horrek bere oniritzia eman ondoren birsailkapenari, iraileko osoko batzarrak eman beharko dio hasierako onespena. Udalak dioenez, "baldin udalbatzak onespen hori ematen badio, Eusko Jaurlaritzak aldaketa puntuala onartu beharko du, eta gero udalak behin-betiko onespena eman beharko dio".

Abadiñoko Udalak Muruetako lurrak birkalifikatu eta hainbat saltoki zabaltzeko plana zuela iragarri ondoren, herriko hainbat komertziok Kaleartean plataforma sortu zuten. Eskualdean gai honen inguruko hainbat eztabaida sortu ondoren, Mercadonak Abadiñon saltokia zabaltzea alboratu duela jakitera eman zuen pasadan asteburuan. Lidlek berriz, proiektuarekin aurrera jarraitzen duela adierazi dio ANBOTOri. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!