Gazteako DJ lehiaketan entzuleen saria jaso du Inshore abadiñarrak

Anboto 2016ko uzt. 6a, 10:40
House eta deep house doinuak uztartzen ditu Uriartek bere saioetan.

Haitz Uriartek —23 urteko Inshore DJ abadiñarrak— jaso du Gaztea irratiaren DJ lehiaketaren entzuleen saria: 500 euroko saria.

Badira lau-bost urte Uriarte zaletasun honetan murgilduta dagoena, baina lehenengoz aurkeztu da lehiaketa batera. Gaztea DJ lehiaketako zortzi finalistetako bat izan da, eta saria eskuratzea ere lortu du lehenengo saiakeran. “Nire izena ezagutzera emateko aukera bat izan da Gaztea DJ lehiaketan parte hartzea”, azpimarratu du.

Batez ere house eta deep house doinuak uztartzen ditu Haitz Uriarte abadiñarrak bere saioetan, eta teknoa ere eskaintzen du. Doinu melodikoak bilatzen ibiltzen da.

Inshore izen artistikoagaz Haitz Uriartek egiten duena zuzenean entzun gura duenak hainbat aukera izango ditu datozen asteburuetan: esaterako Lagako hondartzan uztailaren 9an arituko da. “Udako jaiak-eta tarteko, DJentzat zuzenean aritzeko aukera gehiagoko sasoia izaten da uda” azaldu du.

Aitor Pintado herrikideagaz Gau Elektronikoan hasi zen Uriarte DJ gisa jarduten. Bartzelonan produkzio musikaleko ikastaro bat burutu du, bi urtez, eta soinu teknikari ikasketak ere egin ditu.

Interneteko soundcloud eta lehen erabiltzen zuen Jackkin Noise izen artistikoagaz, youtube atarian ere entzungai daude Inshoren saioak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!