"Lapurreta hau burutu dutenak zipriztindu ere egingo ez dituen likidazio prozesu bat" ez dutela onartuko diote Mecánica Mallabiako langileek

Anboto 2016ko mai. 18a, 12:57

Maiatzaren 5etik greba mugagabean daude ALFA taldeko Mecanica Mallabia enpresako langileak. Enpresa likidazio prozesuan dago, eta langileek "ahalik eta lanpostu gehien mantentzea, eta dagozkien soldaten eta ordainsarien ordainketa bermatzea" aldarrikatzeko hasi dute greba. Azken asteotan enpresaren ordezkariekin eta erakundeekin izan dituzten negoziazioen berri eman dute, gaur, prentsaurrekoan.

CCOO sindikatuaren bi ordezkarik, eta ELA, LAB eta UGTko ordezkari banak osatzen duten enpresa komiteak Konkurtsoko Administratzailearekin, ALFA taldearen abokatuekin eta Eusko Jaurlaritzarekin maiatzaren 12 eta 17 artean egin dituen lau batzarren berri eman dute, Abadiñoko lantokiaren aurrean gaur egin duten agerraldian.

Mecanica Mallabia enpresaren itxiera ALFA taldearen "kudeaketa negargarriaren" ondorioa dela azpimarratu dute gaurko agerraldian, maiatzaren 5etik greban dauden langileek. Langilek diote ez daudela prest, enpresaren arduradunek eskatzen dieten bezala, "likidazioa modu ordenatuan egin ahal izateko eta inbertsore berri bat erakarri ahal izateko, egoera honetan lanean jarraitzeko".

Zigilatuta dagoen lantokiaren sarreran egin dute agerraldia, eta kritikatu dute "200 lanpostu baino gehiagoren galeraren erantzuleek, ALFA taldeko administrazio batzordekideek, 298.721 euro baino gehiagoko dibidenduak banatu" dituztela beraien artean.

"Lapurreta hau burutu dutenak zipriztindu ere egingo ez dituen likidazio prozesu bat" ez dutela onartuko diote langileek, eta ez diotela "alfonbra gorri bat ipiniko" enpresa erosteko interesa agertu duten baina "langilegoarekiko ezelako konpromezurik hartzeko asmorik ez duten taldeei".

Azaldu dute, ALFA taldearen ordezkariekin egin dituzten batzarretan, "enpresa erosteko interesa agertu duen talde bat" badagoela aipatzen dutela, baina ez dietela zehaztasun gehiago ematen, eta gehienez ere 40 lanpostu mantentzeko konpromezua agertu dutela, egun 81 langile dauzkan enpresan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!