Mecanica Mallabiko enpresa komiteak proposamena helarazi dio zuzendaritzari

Anboto 2016ko mai. 2a, 09:04

ALFA taldeko Mecanica Mallabi enpresa likidazio fasean sartuta dago. Egoera honetara helduta, LAB sindikatuak proposamena eraman du enpresa komitera.

Ekimenaren helburua, itxieraren aurrean, “langileen eskubideak bermatzea” da. Enpresa komiteak eta beste sindikatuek bat egin dute ekimenagaz. Adostutako idatzian zuzendaritzari eskatzen diote enpresa erosteko interesaturen bat balego, aktibitate osoa saltzeko, langileen jarduna barne. “Enplegu gehiena salbatzea da lehentasuna”, azaldu du Mari Eli Urriolabeitia LAB sindikatuko ordezkariak. Era berean, borondatezko irteeren kasuan, kalte-ordainak aurreko urteetan irtendako langileek jasotako kopurura heltzea eskatzen dute. Hori dena gauzatzeko, eta soldatak ordaintzeko, tesoreria bermatua izatea eskatzen dute. Aste beteko epea eman diote zuzendaritzari erantzuna emateko.

Azken urteetan, Mallabiko enpresa 180tik 81 langile izatera igaro da. LAB sindikatuak kozuzendaritzaren “kudeaketa txarra” salatu du sarritan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!