San Trokaz Sariko finala jokatuko dute etzi, Bizkaiko bikote banagaz

Anboto 2016ko mai. 13a, 15:06

San Trokaz Sariko txapelak Bizkaian geratuko dira, eta, behardada, ez dira Durangaldetik irtengo. Mikel Gonzalez berriztarrak eta Asier Aspuru abadiñarrak bikote sendoa osatu zuten finalerdietan, eta erraz sailkatu ziren finalerako. Ekhi Ziarrusta eta Inhar Ugarte izango dituzte kontrario domekan, San Trokaz egunean.

Tornosolo trinketeko jaialdia 16:30ean hasiko da. Lehenengo, eskolarteko trinkete txapelketako finalak jokatuko dituzte, eta ostean hasiko da final handia. Gonzalez eta Aspuru sasoian daude, finalerdietan garbi geratu zen moduan. Gipuzkoako bikotea xehatu egin zuten (40-14). Gonzalezek aidean erabili zituen Loitegi eta Gurutzealde, eta Aspuruk bere lana txukun betetzea nahikoa izan zuen.

Ziarrustak eta Ugartek, aldiz, latz sufritu zuten Garatea eta Lukin mendean hartzeko (40-35). Garaipenagaz helburu bi lortu zituzten: finalera sailkatzea eta astebete lehenago GRAVNI txapelketako finalean Lukinen kontra jasandako porrotaren ostean arantza txiki bat ateratzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!