Zelaietako eskolako aterpea indartu beharko du eraikitzaileak

Anboto 2016ko mai. 13a, 11:38

Zelaietako eskolako aterpearen segurtasunaren inguruan egin dituzten probek baieztatu egin dute eraikuntza horrek ez dituela gutxieneko segurtasun neurriak betetzen.

Obraren ardura daukan Aldi Baterako Enpresa Elkarteak bere gain hartu beharko du egitura indartu eta proiektuak jasotzen dituen baldintzak betetzeko egin beharreko obraren kostua.  Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, “hanka-sartzea onartu eta segurtasun berme guztiak eskaini beharko dituzte”. Aterpea indartzeko obrak eskolarik ez dagoen udako egunetan egingo dituztela azaldu du Abadiñoko alkateak.

EH Bilduk egin zuen publiko, otsail hasieran, hainbat txosten teknikoren arabera Zelaietako eskolako aterpeak gutxieneko segurtasun neurriak ez zituela betetzen. Txosten  horiek “aterpea berehala ixtea” gomendatzen zutela eman zuen EH Bilduk jakitera, eta udal gobernuari “informazioa ezkutatzea” egotzi zion.

Udalak obraren arduradunen kontrako zigor espedientea zabalik zuela erantzun zuen Jose Luis Navarro alkateak, eta aterpearen segurtasuna egiaztatzeko probak egitea eskatua zuela udal gobernuak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!