Abadiñoko gazteek urteetan bila zebiltzan igoera lortu dute

Anboto 2016ko api. 14a, 13:19
Abadiño kirol elkarteko gazteen taldea igoera ospatzen. (Argazkia: Abadiño KE)

Hainbat bider atarian geratu ostean, aurten Ohorezko Mailara igo da gazteen taldea. Maila horretan jokatzen duten lehenengo aldia izango da.

Abadiño Kirol Elkarteko gazte mailako futbol taldeak Bizkaiko Ohorezko Mailan jokatuko du hurrengo denboraldian. Joan zen asteburuan lortu zuen igoera, liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan. Horrela, klubaren historian lehenengoz lortu dute Maila Gorenetik Ohorezko Mailara igotzea. Azken urteetan bila zebiltzan lorpena da. Iaz, denboraldiko zati handian igoera postuan egon ondoren, azken txanpan pattalaldia izan zuten. Aurreko urteetan ere igotzeko borrokan sartuta ibili dira.

Igoera segurtatzeko bost partidu, bost aukera, zituzten arren, etxean eta zaleen lortu gura zuten. Eurek euren buruari gehitutako presio horrek emozio handia eman zion joan zen asteburuan Astolan jokatutako partiduari. Gol eta alternatiba askoko lehia gorabeheratsua hirunako berdinketagaz amaitu zen. Batutako puntu hori eta, batez ere, Iturrigorriri kendutako biak nahikoa izan ziren igoera ospatzeko. Penalti biren bidez, Iturrigorrik birritan aurrea hartu zuen markagailuan. Abadiño 1-2 atzetik joan zen atsedenaldira: “Lehen zatian urduri aritu ginen”, onartu du Unai Sagarna entrenatzaileak (Asier Garciagaz batera). Bigarren zatian erauntsi baten moduan irten ziren eta minutu gutxian partiduari buelta eman zioten. Iban Jabalera eskuin hegaleko jokalariak sartu zituen abadiñarren hiru golak (aurreko asteburuan beste bi sartu zituen Gernikaren kontra). Handik gutxira Iturrigorrik partidua berdindu zuen. Estuasuna areagotu egin zen epaileak Abadiñoko jokalari bat egotzi zuenean: 25 minutu aurretik hamarrekin markagailuari eusteko. Partiduan zehar metatutako tentsio guztia ospakizunean lehertu zen epaileak amaiera adierazi zuenean. Aldageletan freskatzen utzitako xanpainari kortxoa kentzeko moduan ziren. Amestutako igoera.

Espero ez zuten lorpena

Denboraldi hasieran inork gutxik apustu egingo zuen Abadiñoren igoeraren alde. Egia da azken urteetan goiko postuetan finkatuta zeudela, baina aurtengo taldeak ez zuen horrenbesteko konfiantzarik eragiten. Jokalariak eurak ere ez zeuden hain konbentzituta. Baina “lan handia egin dute, asterik astera hobetzen joan dira eta igoera egindako lanaren saria da” dio Sagarnak. Era berean, aurreko urteetako taldeak ere gogoratu gura izan ditu: “Igoera azken urteetako lanaren ondorioa da. Akatsetatik ikasi dugu, aurreko urteetatik ikasgaiak atera ditugu eta jarraitu beharreko bidea erakutsi digute”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!