Lurren birkalifikazioaren kontrako sinadura bilketa hasi dute

Anboto 2016ko mar. 31a, 11:35

Abadiñoko Udalak merkataritza-gunea zabaltzeko egin nahi duen lurren birkalifikazioari kontra egiteko sinadura bilketa hasi dute www.change.org webgunean.

Abadiñoko Udaleko gobernu taldeak komunikabideetara pasadan astean bidalitako oharrean aipatzen zen bezala, Murueta auzoan Mercadona eta Lidl merkataritza-guneak zabaldu ahal izateko lehenengo pausoa eman zuten, eguaztenean, udaletxean: saltoki handi horiek hartuko luketen lursaila birkalifikatzeko legeak egitera behartzen duen parte-hartze prozesua abiatzea onartu zuten Abadiñoko Independienteak eta EAJren ordezkariek. Kontrako botoa eman zuen EH Bilduk.

Udalak egin nahi duen birkalifikazio horri kontra egiteko asmoz, sinadura bilketa abiatu du Ritxar Hernandezek www.change.org webgunean. Hiru egunetan 150 sinadurak babestu dute Hernandezen eskaria. Navarro alkateari zuzenduriko gutuna da sinatzaileek babestu dutena. Idatzi horretan salatzen dutenez, alkateak 80 lanposturen sorrera proiektuaren aldeko argumentu nagusi gisa darabilen arren, “bultzatzen dabilena prekarietatea” da. “Badirudi alkateak elkarren kontra ari direla zeinek enpresa gehiago erakarri”, dio idatziak. Eskaeraren sinatzaileek diote, baina, ez dutela herri eredu hori gura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!