Pedro Urien: “Beste familia batzuk hondartzara joaten ziren moduan, gu kart-ean ibiltzera joaten ginen”

Anboto 2016ko mar. 18a, 09:30

Automobilismoa zaletasuna baino gehiago da Pedro (1960, Berriz) eta Igor (1994, Abadiño) Urienentzat: pasio handiz bizi duten mundua da. “Asteburuan kotxean ibiliko naizen ilusioagaz pasatzen ditut astegunak”, dio Igorrek. Pedro, bere sasoian, pilotua izan zen. Bide bera hartu zuen semeak, eta Europako txapelketa lehiatzera heldu zen, diruak talentuaren adinako garrantzia duen zirku zoroan. 

Finantziazioa aurkitzea odisea da, eta aitak, amak eta hirurek ‘mirariak’ egin behar izan dituzte, urtero urtero, Igorrek bolantea izan zezan. Lan nekagarria da motor munduko establishment-etik kanpora dagoenarentzat. Aurten, bere ibilbideari buelta bat ematea erabaki du Igorrek. Euskal Herriko txapelketako lasterketak lehiatuko ditu: “Gozatzea dut helburu”. Hutsetik hasi duten prototipo berrian buru-belarri lanean aurkitu ditugu aita-semeak:

Urte eta erdi zabiltzate auto honetan lanean. Zelan moldatzen zarete? Eztabaida asko?

Pedro Urien: Bueno, azkenean autoek egitura jakin bat dute, eta eskema horri jarraitu behar zaio. Beraz, gauza asko diren modukoak dira. Gainerakoan,  betidanik egin ditut kart-ak Igorrentzat, eta badakit zer nahi duen. Kart-ean ibili zen sasoian,berbarik egin barik ulertzen genuen elkar; aurpegira begiratu, eta banekien zer gura zuen. Orain, berdin. Hori abantaila bat da. 

Zelakoa izango da autoa? Zer aurreratu dezakezue?

P.U.: Igorrek lasterketetan pilatutako esperientziagaz, nik dakidanagaz, eta bion artean urteetan ikasi dugunagaz, zerotik abiatutako proiektua da. Detaileak baino ez zaizkio falta. Aste Santu ostean, lehen probak egitea gura genuke. Barketa baten esekidura, egitura tubularra… izango ditu, baina Formulako teknologia gehituta. Baina, Europan, antzerako adibide asko daude. Azken batean, Igor eta bion esperimentu bat da. Egoskorkeriatik ere badu: “Egingo dugu? Zergatik ez!”. Baliabide askorekin eta 10 mekanikarigaz errazagoa da. Baina abentura honetan… gu biok gabiltza. 

Igor Urien: Gure proiektuan, mekanika aldeko gastua ez da hain handia, eta eraikuntza lan dena geuk egiten dugu. Bestela, auto garestiekin, edozein arazok diru asko eskatzen du. Eta aurrekonturik barik ezin daiteke lehiakorra izan. Guk egoera hori bizi izan dugu, eta ez dugu horrelakorik gehiago nahi. Talde handietan-eta inoren menpe egon behar duzu,  eta ez du merezi.

Maila handietan finantziazioa bilatzea odisea bat da, ezta?

I.U.: Bai, maila horietan lehiatzeko diru-laguntzak aurkitzea oso gaitza da. Motor munduarekiko kultura handirik ez dago hemen, Katalunian gertatzen den kontrara, esaterako. 

P.U.: Katalunian eta Madrilen askoz errazagoa da. Katalunian eta Valentzian, esaterako, motorraren inguruko kultura itzela dago. Hau da, edozein tokitara babesletza edo diru-laguntza eske zoazenean, badakite zertaz ari zaren berbetan. Hemen, zerotik hasi beharra dago, ez dutelako mundu hau ezagutzen. Penagarria da, Euskadin itzelezko afizioa dago eta. Bizkaian indar handia du automozioak, baina…

I.U: Horixe da ni harritzen nauena. Euskal Herrian automozioak indar handia du, eta jende asko bizi da hortik, baina, hala ere, kultura hori falta da. 

P.U: Eta ez enpresetan bakarrik. Antzerakoa gertatzen da hedabide batzuetan ere. Futbola eta beste bi-hiru kirol nagusietan zentratzen dira. Ez dute mundu honetako filosofia ezagutzen, eta ez dira sartzen. Alonso, Hamilton eta gutxi gehiago. Baina, interesa behar da benetan zelan funtzionatzen duen jakin eta ikasteko. Hori ere beste harresi bat da.

I.U: Beste kirol batzuekin ere gertatzen da. Beitu Alex Txikonek zelako lorpena izan duen — Nanga Parbat zortzimilakoa neguan igo duen lehen alpinista izan da— eta zer oihartzun izan du hedabideetan? Txikia. Cristiano Ronaldoren gol batek hamaika titular izaten ditu. 

Autoak eta motorra, pasioz bizi duzuen mundua da.

P.U.: Igor umea zela, hobby moduan hasi ginen hirurok: aita, ama eta semea. Asteburuetan, familia batzuk hondartzara joaten ziren moduan, gu kart-ean ibiltzera joaten ginen. 

Gero, semea hazten joan zen, eta erantzukizunak ere bai.

P.U.: CM bategaz hasi ginen zirkuituetan. Aita eta ama mekanikari, eta bera pistan. Eta autotik jaisten zenean, bera ere mekanikari. Baina, gero, gehiagora joan zen. Maria de Villotaren eskolan sartu zen, eta Formula BMWa lehiatu zuen. Horrek dependentzia sortu zigun. Ez zen etxeko gauza bat, kanpoko talde profesionalen baitan geunden. Jakina, hori negozio bat da, eta diru kopuru bat bermatu beharra duzu. Lortu genuen bitartean, ondo. Amaitu denean, beste erabaki bat hartu dugu: momentuz, etxeko baliabideekin jarraitzea. Aurrera jarraitzeko modua da. Hor gabiltzan bitartean, zerbait sortzen dela? Aurrera horrekin ere. 

Igor, pistan zu baino geldoagoak diren pilotuak bestelako baliabideei esker gora heltzen direla ikusteak frustrazioa eragiten du?

I.U.: Bai, argi dago frustrazioa eregiten duena, baina, azkenean, beti gertatu izan den zerbait da. Beste askori ere gertatu zaie. Ez gara lehenengoak, eta ez gara azkenak izango. Baina, Kart-
etan hasi ginen, eta zenbatek esan dezakete Formula 3an denboraldi oso bat egin dutela? Ni horregaz geratzen naiz. Espainiatik nire adineko bi-hiru aritu ginen maila horretan, eta gure baliabideekin horrelako txapelketa batean parte hartu izanagatik pribilegiatu bat naizela uste dut. 

Pedro, semeak esan izan du sarritan errepikatu diozula oinak lurrean izateko. Zeure esperientziatik diozu?

P.U.: Nire ere gertatu zitzaidan-eta. Nire sasoian eta nire neurrian, motorretan lehiatzen nintzen, eta heltzen zen une bat ezin genuela aurrera egin. Beti gauza berdina esaten diot Igorri: “Irten eta gozatu”. Momentua aprobetxatu behar da. Beti zer gertatuko den kezkatuta bazaude, unea bizitzea ahazten zaizu. 

Gogoratzen duzu semeak bolantea hartu zuen lehen aldia?

P.U.: Etxeko eskabadora handiarekin. Hiru bat urte izango zituen. Bera ez da akordatzen, baina ama bai, eskabadora martxan ipini zuen-eta! (irribarrez). Motor txiki bat ere bazuen hiru urtegaz. Ondoren, kart-ean, lau-bost urtegaz lehenengoz. 

Igor, etxean halako erreferenteak izanda, autoen mundua umetatik arnastu duzu. Autoen mundua zuk aukeratu duzu, ala berak aukeratu zaitu zu?

I.U.: Ez dakit, baina motorra izan duen guztiaren zalea izan naiz beti. Beti erakarri naute. Agian, horretan abila nintzelako? Baliteke, ze futbolean benetan eskasa naiz (barrez).

P.U.: Edozelan ere, nik ezagutzen ditut motorrean profesional izandako lagunak, eta euren seme-alabek mundu horri buruz ezer jakin gura ez dutenak. 

Aitak ibilbide luzea izan du motorretan eta autoetan. Badakizu bere historia? Kontatu zalea da?

I.U.: Beste batzuek kontatu izan didatenagatik gehiago dakit berak kontatu didanagatik baino. Inoiz aipatu dizkit, baina ez da  horretan behin eta berriro tematzen den horietakoa. 

P.U.: Gurea beste istorio bat zen. Gaur egun motorra hartu, eta mendira buelta bat egiten dutenen antzekoa. Kontua ez zen  derrigor helburu batzuk lortzea, lasterketa kopuru bat irabaztea, edo profesional izatea. Katxarro zaharrekin irten eta ondo pasatzea, horixe zen. 

Eta, aurten, zure Simca-ri surik aterako diozu igoeretan?  

P.U.: Igoeren txapelketako lasterketa batzuetan parte hartzea da asmoa, bai, baina ikusiko dugu. Beharbada, Igorrek prototipoagaz igoeretan parte hartuko du, puntuan ez dagoela ikusten badugu. Eta ni laguntzen. 

Inoiz ikusiko ditugu aita-semeak lasterketa berean elkarren kontra?

I.U.: Igoeretan posible litzateke Simcak eta prototipoak, biek, parte hartu dezaketelako. Baina, ez dakit zelan ibiliko ginen asistentzia kontuagaz.

P.U.: Logistika da arazo nagusia. Simca-gaz nabilenean, berak laguntzen dit, edo alderantziz. Baina biok batera ibilita… 

I.U.: Baina polita litzateke.

P.U.: Edozelan ere, bere kaltetan litzateke, ze egurra emango nioke! (Igorren begirada).

Nik kontrako apustua egingo nuke.

I.U.: Tira, gazteok zartada handiagoa dugula esango nuke, eta galtzeko amorru hori ere gehiago sentitzen dugula. Adin batetik aurrera, disfrutatzea da kontua, beste ezer baino gehiago.

P.U.: Ikusi egin behar bakoitzak zer auto darabilen. Ez pentsa, Igor Simca probatutakoa da, eta badaki ez dela erraza hura gidatzea.

I.U.: Beste sasoi bateko autoa da.

Euskal Herriko Rally Txapelketa hasita dago dagoeneko…

I.U.: Bai, Gabiriakoa eginda dago.

P.U.: Aurtengo helburua ez da txapelketa oso bat lehiatzea. Kantabriako txapelketan, nazional mailan, aukerarik sortzen bada, autoa probatzea eta apurka hobetzea da asmoa, hurrengo denboraldira begira proiektua sendotzeko. Baina, egunean egunekoa bizita. Nork daki, ba, datorren urtean zer gertatu daitekeen?

I.U.: Mundu honetan ez dakizu zer gertatuko den hurrengo urtean. Horregatik, ez da komeni epe luzeko planak egitea.

Igor, esperientzia zabala duzu autoen munduan, baina, oraindik, 21 urte dituzu. Ibilbide luzea aurretik. Zer eskatzen diozu etorkizunari?  

I.U.: Korritzen dudan bitartean, pozik ibiliko naiz. Asteburuan kotxean ibiliko naizen ilusioagaz pasatzen ditut astegunak. Hori kenduta, lehertu egingo nintzateke barrutik. Behar dudan zerbait da. Hori barik, ez nuke jakingo zer egin. Bizikletan ibiltzen naiz, baina ez nau betetzen. Bizikletan irten naiteke, baina, autoan hobeto ibiltzeko entrenamendu modura. Egiten dudan dena kotxean hobeto ibiltzeko da. 

Zure semea horrelakoak esaten entzuterakoan, zelanbait zure burua ikusten duzu adin horretan?

P.U.: Bai, hauxe delako bizi guztian egin duguna. Ez dago zertan Formula 3 batean lehiatu gozatzeko. Euskal Herriko Txapelketa batean, beharbada, gehiago disfrutatu daiteke. 

I.U.: Giro onean zabiltza, eta, azkenean, horixe da bilatzen dena. Europako txapelketetan, diru asko mugitzen denez, presio handia dagoenez eta emaitzak lortzeko behar hori dagoenez, jendearekin dagoen giroa ez da berdina. Beren lana egin ostean, etxera doaz denak. Hemengo jendeagaz, ostera, kafe bat hartzeko geratu zintezke, barre batzuk egin… beste gertutasun bat dago. Aurrekontuan-eta presio gutxiago izatera, gehiago gozatzen duzu. 

Zelan egokituko duzu zure gidatzeko modua zirkuitutik errepidera?  

I.U.: Oraindino ezin dut esan, baina uste dut, motorrean, edozein espezialitate dela ere, badagoela oinarrizko teknika bat denetarako balio duena. Bizitza osoan ikasi eta barneratutakoa zeurekin daroazu beti, zoazen tokira zoazela. Gero, teknika hori findu eta doitu beharra dago, jakina.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!