Lepaornoan eta besoan hausturak izan ditu Castroviejok eroriko baten ostean

Anboto 2016ko ots. 23a, 10:58
Jonathan castroviejo (Argazkia: www.movistarteam.com)

Portugalgo lasterketa amaitu eta autobusera bidean zihoala, nahi gabe parera irten zitzaion ikusle batekin tupust egin eta erori egin zen.

2016 denboraldia ez da bat ere ondo hasi Abadiñon bizi den Jonathan Castroviejo (Movistar Team) getxoztarrarentzat. Algarveko Itzuliko (Portugal) azken etaparen ostean, Castroviejok eroriko bat izan zuen. Helmugatik autobusa zegoen aparkalekura bidean, ikusle bat ustekabean parera irten zitzaion eta ezin izan zuen ekidin. Faroko ospitalera eraman zuten saman eta ezker besoan mina zuela. Hainbat azterketa medikuren ostean diagnostikoa jakinarazi zuten: seigarren lepaornoan haustura izan du eta baita ezker besoko kubituan ere.

Animoak eman dizkieten denei "eskerrik asko" esan die Castroviejok sare sozialetan eta honako mezua ere utzi du: "Txirrindularitza ikusten doazen denei kontuz ibiltzeko eskatu gura diet. Zaleen berotasuna sentitzea itzela da guretzako, baina despiste batek istripu bat eragin dezake. Behin hori esanda, tupust egin nuen ikusleari animoak bidali nahi dizkiot eta errekuperazio arin bat desio diot".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!