Pisu txikietan dominen borrokan ibili gura du Abadiñok Herbeheretako munduko txapelketan

Anboto 2016ko ots. 16a, 13:18
Abadiño Sokatira Taldea Herbeheretara heldu berritan.

Gaur goizean heldu dira Herbeheretara. Eguenetik domekera munduko sokatira txapelketa jokatuko dute hiru pisutan.

Abadiño Sokatira Taldea Herbeheretan da dagoeneko eguenetik domekara Volendam herrian jokatuko den munduko sokatira txapelketan parte hartzeko. Oztopoz beteriko denboraldi baten ostean, urteko sasoirik onenean heldu dira txapelketara eta pisu txikietan dominen borrokan aritzea dute helburu.

17 tiralari eraman dituzte. Eguenean 640 kilora arteko tiraldiak izango dituzte. Barikuan 600 kilora artekoan jardungo dute eta zapatuan —Euskadiko selekzioa ordezkatuz— 560 kilora artekoan. Itxaropenik handienak azken bietan jarri dituzte, pisurik txikienetan. Orain urte bi zilarra jantzi zuten 560koan: “Badakigu irabaztea oso gatxa dena. Faktore askok eragin dezakete, multzoetan egokitzen diren arerioek, esaterako. Edozelan ere, pisurik txikienetan dominarako borrokan aritzea dugu helburu”, dio Mikel Lasuen tiralariak.

Denboraldi zaila

Euskal Herriko goma gaineko txapelketa amaitu berria da eta denboraldi “zaila” izan da Abadiñorentzat, batez ere hasieran: “Aurten gafea izan dugu. Tiralari batek auto istripua izan zuen eta baja izan da denbora batean, ni ere hile bian lehiatu ezinda aritu naiz apendizitis bategatik… denok izan dugu zer edo zer”.

Horregatik, sasoia hartzea kosta egin zaie. Baina behetik  gora egin dute eta denboraldiko “sasoirik onenean” heldu dira munduko txapelketara. Joan zen asteburuan 560 kilora arteko txapela jantzi zuten: “Eduki dugun denboraldiaren ostean konfiantza handia  eman digu. Orain beste poztasun bat igartzen da taldean eta hori aprobetxatzen saiatuko gara”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!