Abadiñoko eta Durangaldeko hainbat musika talde gonbidatu dituzte zuzenean aritzera: Nevadah, Baghdad, LRR eta Pol&Cia ariko dira, besteak beste. Worth It berriztarren izena ere agertzen zen jaialdiaren kartelean, baina lan kontuak direla medio, azkenean ezingo dutela parte hartu eman dute jakitera.
Lehenengo kontzertuak
Abadiñoko Udalaren Muntsaratzeko entsegu lokaletan sorturiko LRR eta Pol&Cia taldeen estreinako kontzertuak hartuko ditu, gainera, Gaztetxeko biharko musika jaialdi horrek. La Polla Records taldearen bertsioak egiten ditu Abadiñoko eta Iurretako kideek osaturiko LRR taldeak (LaRepolla Records). Lehen, Durangaldeko beste hainbat taldetan ibilitako Abadiño eta Durangoko kideek martxan ipini duten musika talde berria da, bestalde, Pol& Cia.
Durangaldeko hainbat herritako kideek orain urtebete pasatxo osatu zuten Nevadah taldeak ere joko du biharko jaialdian. Rock & rollaren barrukoak, baina blues zein punk ukitukoak dira Nevadah-k orain arte sorturiko bederatzi kantak. Taldekideek sorturiko bederatzi kanta horiek, eta bertsioak ere joko dituzte, Abadiñon.
Lehenago Durangaldeko hainbat taldetan ibilitako bost musikarik sorturiko Baghdad taldea, eta Larrabetzun sorturiko The Lasai taldea ere ariko dira ACAB R&R jaialdian.
Azken urteetan irtenarazteak jasan dituzten Kukutza, Kortxoenea, eta Tolosako gaztetxea gogoan hartuta antolatu dute ACAB R&R jaialdiaren lehenengo edizioa, Abadiñoko Gaztetxean. Kide horiei elkartasuna agertu, eta “poliziaren jazarpena” salatuko dute.