Amets Menika: "Bizirauteko egiten diren gauza batzuk ulertzea ez da erraza"

Anboto 2016ko urt. 31a, 10:00
Serengetiko parke naturalean (Tanzania) hasi du urtea Euskal Filologia ikasitako abadiñar gazte honek.

Duela lau hilabete joan zen Tanzaniara Amets Menika (Abadiño, 1991), “esperientzia berri” bat bizi guran. Lau hilabete “oso intentsoak” bizi izan dituela dio, baina, “momentu oso gogorrak” ere bai.



Serengetin eman diozu ongietorria urte berriari…
Bai. Gainera, gau horretan, lau elefante ikusi genituen gugandik bost metrora, kanpamentuan bertan. Oso polita izan zen, baina, apur bat beldurgarria ere bai! Oso berezia izan da urte hasiera, familiaren falta igarri dudan arren.

Zerk eroan zaitu Tanzaniara?
Esperientzia berri bat bizitzeko gogoak eta Afrikako herrialderen bat ezagutzeko gogoak. Tanzania aukeratu nuen deigarri egiten zaidalako, bakean bizi den herrialde bat delako, eta, ez dakit zergaitik, baina, abenturak bizitzeko lekua izango zela iruditu zitzaidalako.

Zein duzu egunerokoa?
Egunerokoa asko aldatu da Tanzaniara etorri  nintzenetik. Hiru etxetan bizi izan naiz, bertako bi gaztegaz, hango emakume bategaz, eta, orain, Arrigorriagako mutil bategaz. Bi proiektutan aritu naiz, garrantzitsuena, eskola batean. Bisitaren bat izan dut, eta opor batzuk ere hartu ditut. Lau hile nahiko zoro izan dira, eguneroko zehatzik gabe.

Noiz arte egongo zara?
Urtebete inguru gelditzea zen asmoa, baina lau hile egin ditut, eta hemen egin beharrekoa egin dudala sentitzen dut. Esperientzia on eta txarrak bizi izan ditut, eta mila istorio daramadaz etxera. Esperientzia oso intentsoa izan da, eta Europara bueltatzeko unea dela sentitzen dut. Egunotan, Londresera joateko asmoa dut.  

Esperientzia intentsoa, beraz.
Oso intentsoa, oso polita, baina gogorra ere bai momentu batzuetan. Imajinatuko ez nituzkeen egoerak bizi izan ditut, eta gauza askoren aurrean begiak zabaldu. Dena den, esperientziak ekarri didanaz ez dut uste jabetuko naizenik distantziatik begiratu arte.

Zerk eman dizu atentzioa?
Gauza askok, egia esan. Baina gehien, beharbada, bizitza zeharo desberdina izan duen jendeagaz elkartu eta konektatu izanak. Mundu desberdinetatik gatozen bi pertsona elkarregaz jarri, eta berba egin ahal izateak, sinistu ere ezingo nituzkeen istorioak euren ahotik entzuteak. Baita dagoen pertsona zuri kopuruak ere.

Nolatan?
Badirudi oso modan dagoela ‘turismo solidarioa’ deritzona; ematen du Afrikara ‘laguntzera’ baino ezin dela etorri, eta, ez besterik gabe, beste edozein herrialdera lez.  Horren inguruan hausnartu beharko genuke. Inori ‘laguntzeko’ edo inoren egiteko erak aldatzen saiatzeko besteko inportanteak gara? Luzerako ematen du eztabaidak.

Afrikak zelako sentsazioak sortu dizkizu ?
Tanzanian baino ez naiz egon, baina, oso leku ederra iruditu zait: kolorez betea, egun eguzkitsuak, natura alde guztietan, animaliak, umeak kanpoan jolasten, jendea beti kalean, berbetan, gauzak saltzen, abesten… Baina, leku  zakarra eta gogorra ere iruditu zait. Errealitate oso gogorrak ikusten dira, denetik dagoen arren. Bizirauteko egiten diren gauza batzuk ikustea eta ulertzea ez da erraza egiten.

Bueltatuko zara?
Batek daki, oraingoz ez dut uste. Ez da batere merkea etortzea. Bizitza askoz merkeagoa den arren, hegazkina, segurua, bisa... horrelakoetan diru asko joaten da. Gainera, orain ez dut lanik. Beraz, urrun ikusten dut Afrikara bueltatzea.

Halako esperientzia bizitzea gomendatuko zenuke?
Dudarik gabe. Erraza ez den arren, merezi du. Asko ikasten da. Argi izan behar dugu, baina, beste mundu bat dela, eta, hasieran, zaila egin daitekeela gauza batzuk ulertu eta onartzea. Behin erabakia hartuta, ez dut uste esateko askorik dugunik; entzun egin beharko genuke gehiago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!