Silvia Trigueros: “Belaunetako mina kontuan hartuta pozik nago Hong Kong-eko podiumagaz, baina zapore-gazi gozoa ere utzi dit”

Anboto 2016ko urt. 25a, 14:36

Silvia Triguerosek (1976, Abadiño) hirugarren amaitu Hong Kong-eko Ultraila Traila emakumeetan. Lasterketa hasierako erorikoak proba osoa baldintzatu zion. Belaun biak minberatuta, jaitsieretan asko sufritu zuen. Emaitza bikaina da, baina erorikorik izan ez balu…

Zorionak podium-agatik, Silvia.
Lasterketa ez zen txarto joan, baina hobeto joan zitekeen. Kontua da beste lasterkari batzuk aurreratu nahian nenbilela erori egin nintzela. Bosgarren kilometroan gertatu zen, probaren hasiera-hasieran. Belaun biekin zorua jo eta handik aurrera jaitsieretan asko sufritu nuen. Hala ere, lasterketa buruan joan nintzen Dong Li-rekin —irabazlea— batera . Beherantza ezin nuela konturatu zenean, jaitsiera batean erasoa jo eta ihes egin zidan. Ez zuen abantaila handirik hartu. 52. kilometroan hiru-lau minutu aurretik zihoan. Baina orduan tripa itxi zitzaidan eta botaka gureagaz egon nintzen kilometro batzutan. Hobetu nintzenerako atzetik zetorren Lisa Borzani italiarrak harrapatu egin ninduen. Elkarrekin joan ginen. Gorantza bera baino hobeto nindoan, baina jaitsiera luze batean ihes egin zidan. Beraz, azkenean hirugarren. Dena esan beharra dago: faborito nagusi biak — Nuria Picas kataluniarra, esaterako— ez ziren joan.

Arazo fisikoek lasterketa osoa baldintzatu zizuten.
Bai, belaunetako mina kontuan hartuta, pozik nago emaitzagaz, baina zapore gazi-gozoa ere utzi dit. Alde batetik, iaz proba hasi eta berehala utzi behar izan nuen tripetako arazoengatik. Aurrekari horrekin aurtengo emaitza oso ona da. Hala ere, nire helburua Ultra Traila 12 ordu eta 15 minututan osatzea zen eta arazo fisiko barik denbora horren bueltan ibiliko nintzela uste dut; azkenean 12 ordu eta 34 minutu behar izan nituen.

Ez ohiko eguraldia egin zizuen. Hotz handia eta elurra egingo zuen iragarpena.
08:00etan irten arren helmugara heldu ginenerako gaua zen. Kopeta-argiagaz ibili ginen. Azkenean ez zuen elurrik egin, baina bai hotz handia lasterketaren azken txanpan eta haize bolada gogorrak. Egia esanda, nik ez nekien tenperaturak hainbeste jaitsiko zirenik. Mendiko ibilbidea izanagatik, han bide denak asfaltatu egiten dituzte eta  azken kilometroetan bidea izoztuta zegoen. Ondorioz, azken tartean hainbat korrikalari erori ziren. Kontua da, Hong Kong-erako ez ohiko eguraldia zenez, jende asko hurreratu zela mendira elurra bertatik bertara ikusteko esperantzagaz eta sarrera-irteerak blokeatuta geratu ziren. Jende mugimendu handi horrek sorospena asko zaildu zuen. Han eroriz gero, nork bere kontura irten behar du.

Aurten  Ultra Trail World Tourra lehiatzeko asmoa duzu?
Sailkapenean sartzeko gutxienez hiru lasterketa osatu behar dira. Iaz saiatu nintzen, baina Hong Kong-ekoaren ostean uztea erabaki nuen. Aurten ezin dezaket ziurtatu egingo dudan edo ez. Puntu kopuru batetik gora rankig-eko elite mailan sartzen zaituzte. Ni elite mailan nago. Beraz, zirkuituan sartzeko gonbita egin zidaten. Laguntzak ere ematen  dituzte; lasterketa baterako bidaia eta ostatua ordaintzen dizkizute, eta ordainetan hiru lasterketatan parte hartzera konprometitzen zara. Kontua da ez iaz eta ez aurten ez didatela laguntza hori eman. Gainera, Italian Tor de Geants proban parte hartzeko gonbita egin didate — 330 km— eta betidanik partehartu gura izan dut.  Mont Blanc-eko Ultra Traila abuztuaren 28an da eta Italiakoa aste bi geroago. Hain distantzia handiko proba bi hain epe laburrean egitea eromena iruditzen zait. Beraz, ez noa Mont Blanc-era eta zirkuitua ia albo batera utzi dut. Ez diot erabat baztertu dudanik ere. Transgrancanariako Ultra Trailera joan  naiz. Ondo egiten dudala? Ikusiko dut. Aukera asko daude eta hirugarren bat egitea aurreikusiko nuke.

 

SAILKAPENA EMAKUMEETAN

1- Li Dong (Txina)................................ 12.05.32

2- Lisa Borzani (Italia).......................... 12.30.41

3- Silvia Trigueros................................ 12.34.23

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!