Astelehenean ipiniko dute TAO sistema martxan, Trañabarren kalean

Anboto 2016ko urt. 14a, 10:00

Sistema martxan ipintzeko beharrezko prestaketak burututa —seinaleztapen horizontal zein bertikalak, eta bi parkimetroak ezarrita—, datorren astelehenean ipiniko dute Trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua (TAO) martxan, Trañabarren kalean.

Udalak onarturiko araudiaren arabera, astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:30era, eta 16:00etatik 20:00etara, eta zapatu goizez, ezin izango da autoa ordubete baino gehiagoz Trañabarren kalean aparkatuta utzi. Eguerdietan, gauez, zapatu arratsaldeetan eta jaiegunetan, berriz, TAO sistema ez da indarrean egongo.

Urrian onartu zuten udal ordenantzak aurreikusten duenez, aipaturiko araudia betetzen ez dutenek, 20 euroko isuna jasoko dute (10ekoa isuna ondoko 24 orduetan ordainduz gero).

Aste honetan kaleraturiko bandoan azaldu du Abadiñoko Udalak urtarrilaren 18an ipiniko dutela martxan Trañabarren kaleko TAO-a. Jose Luis Navarro alkateak azaldu duenez, lehenengo egunetan “malguago jardun arren, sistema serio betearaztea da helburua”. Udaltzainak arduratuko dira ordenantza berria betearazteaz.

Urriko ohiko osoko bilkuran, Gobernu taldeko Abadiñoko Independienteek eta EAJ alderdietako ordezkariek egin zuten Trañabarrenen TAO sistema ezartzearen alde, eta abstenitu egin zen EH Bildu. Sistema horregaz, Traña-Matienan aparkalekuekin dagoen arazoari “irtenbide partziala” ematen zaiola kritikatu zuen EH Bilduk. Gobernuak, aldiz, kale horretan aparkatuta egoten diren auto asko erosketak egitera joaten den jendearenak izaten direla, eta neurri honegaz txandakatzea areagotuko dela esan zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!