Gobernu taldeko Abadiñoko Independienteak eta EAJ alderdietako ordezkariek aurrera atera zuten proposamena, eta abstenitu egin zen EH Bildu.
Mikel Urrutia Bilduko bozeroaleak "Traña-Matienan aparkalekuekin dagoen arazoaren azterketa estrategiko" baten falta azpimarratu zuen, eta onarturikoa "konponbide partziala" zela esan zuen. OTA sistemak auzo horretako trafikoa "ordenatzeko" balioko duela azpimarratu zuen, aldiz, Eneko Etxebarria jeltzaleak.
Aparkatze kontrolatuko sistema berria 2016 urte hasieran ezarriko du Abadiñoko Udalak, Taberna Zarra eta Erezena kalearen bidegurutzerainoko tartean. Kale horretan, astegunetan, eta denden ordutegian (09:00-13:00 eta 16:00-20:00), autoak ordubete baino gehiagoz aparkatuta egotea galaraziko du sistema horrek. Ordubetea igarota, autoa Trañabarren kaletik kendu beharko dute gidariek.
Aparkatzeagatik ez da ordaindu beharrik izango, baina baimendutako denbora baino luzeago aparkatutako autoek 20 isuna jasoko dute (10ekoa isuna ondoko 24 ordutan ordaindu ezkero). Eguerdian, gauez, eta asteburuetan, berriz, TAO sistema ez da martxan egongo.
Kale horretan erosketak egitera joaten den jendearenak izaten direla aparkatuta egoten diren auto asko, eta neurri honegaz txandakatzea areagotzea dela helburua azpimarratu du gobernu taldeak. Eta autoa txarto aparkatuta uzten dutenek eragiten dituzten trafiko arazoak ekiditea ere bai.
Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, Trañabarren kalekoa "froga bat izango da, eta dituen emaitzen arabera zabalduko dugu herriko beste leku batzuetara ere".
Parkimetro bi ipini, eta autodunei arautegiaren berri emango diote, datorren urte hasieran, ordenantza aplikatzen hasi orduko.