Zelaietako berrantolaketari buruz EH Bilduk aurkezturiko mozioak ez du aurrera egin

Anboto 2015ko abe. 17a, 11:19

Parte-hartze ereduei buruzko ika-mikan jardun ziren Urrutia eta Navarro.

EH Bilduk hala eskatuta, udalbatzar berezia egin zuten, atzo, Abadiñon. Zelaietako hirigintzaren berrantolaketa proiekuaren parte hartze prozesuan sakontzea eskatzeko, sinadura bilketa egin du asteotan EH Bilduk, eta atzo, 412 herritarren babesagaz, mozioa aurkeztu zuen udalean. Mozioaren kontra egin zuten Abadiñoko Independienteek eta EAJk, eta beraz, ez zuen aurrera egin. 

Parte-hartze ereduari loturiko hiru puntu jasotzen ditu atzo udalbatzarrean aurkeztu zuten mozioak: Zelaietako berrantolaketa parte-hartze bidez garatzea eta prozesua arloan adituak diren teknikariek gida dezatela; herritarren ideietan oinarrituta teknikariek proposamen desberdinak garatzea; eta teknikariek garaturiko proposamenen artean herritarrek aukera egin ahal izatea. Hain zuzen ere, hiru puntu horiek dira sinadura-bilketan EH Bilduren eskariagaz bat egin duten 412 herritarrek aldarrikatu dutena.

Mikel Urrutiak azpimarratu zuen, EH Bilduk eskatuta hasi zela, duela bi urte, Zelaietako hirigintza berrantolatzeko parte-hartze prozesua, baina prozesu horren bigarren fasean gobernuak albo batera utzi duela parte hartzea. "Lehenengo fasetik aterako ondorioak herritarrekin landu behar direla uste dugu, herritarrak izan behar direla protagonista, hirigintza proiektua ez litzatekeela izan behar gobernu taldeak aldebakartasunetik erabakitakoa", esan zuen Urrutiak. Gobernu taldeak mozioari eman dion erantzuna ez dela EH Bilduri emandakoa, baizik eskari hori sinatu duten 412 herritarrei erantzuten zaiena dela azpimarratu zuen Mikel Urrutiak.

Alkatearen erantzuna

"Herritarren eskariak ezagutzeko, Zelaietako berrantolaketaren lehenengo fasean, gaian adituak diren teknikariekin parte-hartze prozesu bat garatu behar genuela ados egon ginen, eta horrela egin genuen", esan zuen Jose Luis Navarro alkateak. "Aurkeztu dugun proiektu honek herritarren parte hartze prozesu horretan egindako ekarpenak, eta baita udaleko hiru alderdi politikoenak ere, jasotzen ditu.

"Herritarren parte-hartzea zer den modu desberdinean ulertzen dugu", adierazi zuen Jose Luis Navarrok. Azpimarratu zuen, udalak proposaturiko proiektuari alegazioak egiteko hilabeteko epea eduki dutela herritarrek, eta hala gura izan duten herritarrek aurkeztu ahal izan dituztela euren kexak. Azaldu zuen, Iturritxo kaleko hainbat auzotarrek euren kezka agertu dutel,a proiektua dagoen bezala gauzatu ezkero, Txanportatik igaroko ez litzatekeen trafikoa euren kaletik igaroko litzatekeelako. Alkateak esan zuen, auzotar horiekin bezala, abadiñar gehienen babesagaz baino ez duela Zelaietaren hirigintza berrantolaketa proiektuak aurrera egingo: "Adostasuna" lortzea dela gobernu taldearen helburua.

Eneko Etxebarria zinegotzi jeltzaleak azpimarratu zuen, udalak publiko egin duen proiektua udaleko hirigintza batzordetik ere igaro zela, eta bertako hiru alderdien oniritzia jaso zuela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!