EH Bildu: "Zelaietako berrantolaketan herritarrek aukeratzeko eskubidea izan behar dute"

Anboto 2015ko abe. 12a, 14:12

Abadiñoko EH Bilduko kideek Zelaietako berrantolaketan  beharrezkoak diren bitarteko eta teknikariak egotea eta herritarrek aukeratzeko eskubidea edukitzea aldarrikatu dute gaur eguerdian emandako prentsaurrekoan.

 

Abadiñoko EH Bilduk lau astez sinadura bilketa egin du Zelaietan eta 412 sinadura lortu dituzte. "Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu herritar zein komertzioei", adierazi dute EH Bilduko kideek.

Irailean Abadiñoko Udalak berrantolaketaren inguruko azken diseinua  aurkeztu zuen. "Bertan ikusi genuen landu gabeko proiektu bat zela eta zehaztasun asko falta zirela. Gainera, prozesu osoan bezala, gure helburua herritarrek aukeratzeko eskubidea izatea zen, ez alde bakarretik egindako proiektu bat edukitzea", adierazi dute.

EH Bilduko kideek abenduaren 16rako ez ohiko batzarra eskatu dute Abadiñoko udaletxean eta bertan beraiek aurkeztu duten mozioa bozkatuko da.  Bertan hiru puntu jorratuko dira:  zelaietako berrantolaketa parte-hartze bidez garatzea eta prozesuan adituak diren teknikariak egotea, herritarrek proposatutakoa jaso eta teknikariek proposamen desberdinak garatzea eta garatutako proposamenen artean herritarrek aukeratzeko eskubidea izatea.

Prentsaurrekoa bukatzeko, EH Bilduko kideek Abenduaren 16an herritarrei udaletxera hurbiltzeko eskatu diete: "Herritarrei gonbidapena luzatzen diegu arratsaldeko 19:00tan egongo den ez ohiko batzar horretara etortzeko". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!