Arte martzialen opena egingo dute zapatuan Abadiñon, 100 borrokaldi baino gehiagogaz

Anboto 2015eko abenduaren 10a

Abadiñoko Fexmack klubeko 17 parte-hartzaile izango dira zapatuko openean.

Abadiñoko FexMack elkarteak arte martzialen gaineko lehenengo opena antolatuko du zapatuan, Zelaietako probalekuan. Mailaz maila ehun borrokalditik gora ikusteko aukera egongo da. Sarrera doakoa da eta beharrean dutenentzako janari eta produktu bilketa egingo dute.


Eguerdiko 12:00etatik aurrera tatami gaineko borrokaldiak egingo dituzte semi-light eta kick-light modalitateetan. Haur kategoriatik hasita (8-10 urte artekoak) nagusietara arteko borrokalariak lehiatuko dira. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera tatamia ring bategatik ordezkatuko dute, eta power style eta, besteak beste, full contact modalitateetako borrokaldiak ikusteko aukera izango dute probalekuan batzen diren zaleek.

Zapatuko openak lehenengo aldia duen arren, parte-hartze zabala bermatzea lortu dute. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik etorriko dira borrokalariak. Guztira, 70 lehiakidetik gora batuko direla kalkulatu dute antolatzaileek. FexMack klubeko 17 kide egongo dira tartean, eta maila denetan parte hartuko dute.

Arte martzialen esparru zabalean sartzen diren modalitateak batzen ditu kickboxingak. Karate, taekwondo eta kunfu lako borroka estiloetatik garatu dira semi contact eta light contact modatitateak, besteak beste. Beraz, askotariko arte martzialen teknikak ikusteko aukera egongo da bihar.

Ekimen solidarioa
Udalaren laguntzagaz antolatu duten openari ikuspegi solidarioa eman gura izan diote: “Ekimena Durangaldean beharra dutenei laguntzeko ere baliatu gura dugu”, adierazi du Mack Tirado Abadiñoko klubeko gidariak. Horrela, Durangaldean beharrean daudenei laguntzeko, lehentasunezko premiak asetzeko higiene produktuak eta janaria batuko dituzte. Openerako sarrera doakoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!