Ander Antxiak faboritoa zen Gonzalez menderatu du Tornosolo Kopako finalean

Anboto 2015ko abe. 9a, 12:45

Azken urte bietan ezusteko irabazleak izan ditu Tornosolo Kopak. Iaz Inhar Ugartek Ander Antxiari irabazi zion finaleko aurreikuspenak apurtuz; aurten, Antxia bera izan da faborito zen Mikel Gonzalez menderatu eta txapela jantzi duena.

Joan zen barikuan jokatu zuten finala Abadiñoko Tornosolo trinketean. Iazko finalak utzitako zapore gazia eztitzea lortu zuen Antxiak. Batak eta besteak gaur egun duten maila kontuan hartuta, abadiñarrak hobeto baliatu zituen bere armak. Biek ondo elkar ezagutzen dute. Gaur egun, Mikel Gonzalez berriztarrak Ipar Euskal Herriko trinketerik onenetan dihardu, baina aurretik sarritan aurkitu izan dira aurrez aurre pilotari biak. Bazekien defentsa lanean ondo aritu beharko zuela eta horixe egin zuen: Gonzalezen bizitasunari eta erasoei eutsi eta eutsi egin zien eta aukera zuenetan tantoa amaitzen asmatu zuen. Azken herenean, tanto ilara erabakigarria lortu (29-31tik 39-31ra) finala erabakita utziz. Azkenea, 40-32 Antxiaren alde.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!