Berriztarra da titulurako hautagai nagusia joku puntu bikaina erakutsi baitu final laurdenetan zein finalerdian. Antxiak oraindik ez du partidurim jokatu txapelketan, finalerdian Paxkal De Ezcurrak uko egin baitzion jokatzeari. Horren ordez Asier Aspururen aurka lagunartekoa jokatu eta galduta heltzen da abadiñar beteranoa finalera, konfiantza gehiegi barik. Hala ere banaka asko jokatutakoa da Antxia, esperientzia handia du eta horrek asko balio du halako partiduetan.
Mikel Gonzalezi aurre egitea ez da sekula samurra izaten. Berriztarrak abiadura itzela ematen dio pilotakada bakoitzari eta gainera trinketeko jokora ondo egokitua dago jadanik, teilatua zein sarea ondo bilatzen dituelarik. Hegoaldeko pilotari onena da eta Iparraldean ere dagoeneko bidea eginda dauka. Horregatik guztiagatik, bera da faborito baina edozeinek beste daki Gonzalez berak, aurkari duen Ander Antxia arerio oso gogorra dela.
Aurretik, 18:15ean hasita, Bizkaiko gazte mailako finalerdia jokatuko dute Kamiruagak (Kurene) eta Aranak (Atxarte).
Jaialdi osoa musika eta argiekin girotuta egongo da eta kamisetak eta pilotak zozketatuko dituzte.