Mikel Gonzalezek eta Ander Antxiak jokatuko dute Tornosolo Kopako finala

Anboto 2015ko aza. 30a, 13:10

Mikel Gonzalez berriztarrak aurten ez du huts egin eta Tornosolo Kopako Sari Nagusiko finala jokatuko du. Finala Ander Antxiaren kontra jokatuko du hurrengo ostiralean Paxkal De Ezcurrak abadiñarraren kontrako finalerdiari uko egin ostean.

 

Mikel Gonzalez eta Inhar Ugarteren arteko finalerdia istorio gutxikoa izan da. Beti alde nabarmenak izan zituen berriztarrak eta algortarra ezinean aritu zen. Gainera partidu hasieran eskua ere mindu zitzaion eta finalerdia guztiz apurtu zen (20-40).

Ander Antxiak finalerdia jokatu ordez lagunartekoa jokatu zuen Asier Aspururen kontra. Ezustean gazteak irabazi zuen (32-40) bien arteko aldea hain handia ez dela argi utziaz. Lagunartekoa izanda eta azken egunetan gerriko arazoak izan ostean, Antxiak beharbada ez zuen bere onena eman, baina Aspuruk partidu oso ona jokatu zuen eta merezita gailendu zitzaion.

 

Beraz, bi bizkaitar izango dira beste behin datorren ostiralean jokatuko den Tornosolo Kopako final nagusian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!