Harismendyk abadiñarren lepotik egin gura du finalera arteko bidea. Final laurdenetan abadiñar bat –Asier Aspuru– kanporatuta, beste hainbeste egin gura du Ander Antxiarekin. Faborito argi bako partidua da. Antxiak irabaziz gero, iazko finala errepikatuko luke.
Asier Aspuruk, bere aldetik, lan bikaina osatu zuen Harismendyren kontra, eta azken unera arte irabazteko aukerak izan zituen (37-40), bera baino esperientzia askoz handiagoko pilotariaren aurka.
Mikel Gonzalezen eta Inhar Ugarteren artekoan, lehenengoa izango da faborito. Gonzalezek denbora darama Ipar Euskal Herriko trinketerik garrantzitsuenetan modalitateko onenen kontra lehiatzen —eta irabazten—, eta iazko txapeldun Ugartek zail izango du beste final bat jokatzea. Esaterako, joan zen astean Gonzalezek xehatu egin zuen Munduko Kopan brontzea lortutako Oier Gurutzealde: 40-12. Pilotari bien artean oraindik koxka bat dagoela agerian geratu zen final laurdenetan.